Nafarroako Erreginak. Botere Politikoa eta Erresumako Emakumeak.

Nafarroako Erresuma estatu independente iraun zuen bitartean, emakumeek garrantzi handia izan zuten erregetzan, batzuetan erregeen maila berean, erreginak izan zirenetan, bestetan bigarren maila batean, esate baterako erresumen arteko harremanak ezkontza bitartez moldatzen baziren.
Hamabi saioko ikastaro honetan ezagunak diren erreginak agertuko dira, baina beste emakume asko ere bai, ezagunak ez direnak edo beren boterea itzaletik baliatu zutenak, baina denak ere historian beren arrastoa utzi dutenak, eta areago, Nafarroako erresumaren norabidean erabakimena izan zutenak.

 

GAIEN ZERRENDA

  1. EMAKUMEAK ETA BOTEREA HISTORIAN ZEHAR
    Emakumea eta boterea, bilakaeraren ikuspegi historikoak. Boterearen erreferente femeninoa. Errege odolaren transmisoreak. Emakumea antzinako Grezian, Erroman eta ekialdeko inperioetan. Kokapen politikoa, botere ezkutua eta historiako erreferentziak. Erregina barbaroak eta boterearekiko lotura. Emakumea Erdi Aroaren sarreran: xedeen ikuspegi orokorra. Morala eta erlijioa emakumeen errepresioaren funtsezko oinarri.

  2. EZAGUTZEN DITUGUN LEHEN ERREGINAK (850-1000)
    Errege-boterearen transmisioan emakumeak lehenengo dinastian (Aritza) zuen garrantzia. Ximena dinastiaren andre ezezagunak. Lehenengo erreginak: Tota Aznaritz andre Iruñekoa (885-970), Antso I.a Gartzeitz-en emazte, Gartzia I.a Santxitz-en ama eta penintsulako erreferente politikoa. Andregoto Garindoitz (972), Aragoiko andrea. Urraka Fernanditz eta Ximena Fernanditz, Gaztela-Leongo eragina. Ezkontzak boterea sendotzeko bide gisa. Emakumeak harreman diplomatikoak egiteko oinarrizko elementu.

  3. ERRESUMA BATEN LORALDIA ETA BERE ERREGINAK (1000-1076)
    Iruñeko Erresuma penintsulako erreferente politiko gisa. Munia edo Mayor (c. 995-1046), Antso II.aren emaztea. Erresumako periferiako emakumeak: garrantzi politikoa eta estrategikoa. Estebania eta Plazentzia, errege garrantzitsu biren emazte ahaztuak: Gartzia III.a Santxitz eta Antso IV.a Gartzeitz. Errege-dinastia berreskuratzea 1076ko hondamendiaren ondoren, emakumeak erresuma galduaren oroimen.

  4. ARAGOIKO DINASTIAKO EMAKUMEAK (1076-1134)
    Felizia Roucykoa (c. 1055-1094) eta Aines Akitaniakoa (c. 1071-1097), itzaleko erreginak. Urraka Gaztelako eta Leongoa (1081-1126), Alfontso Borrokalaria Aragoikoaren eskutik ezinezko izan zen egitasmoa. Erresumaren memoria daraman odol “zikindua”: Kristina Rodrigitz Vivarkoa, Cidaren alaba, eta Gartzia Ramiritz Iruñekoa.

  5. ERRESUMA BERRIKO ERREGINAK (1134-1234)
    Margarita Aiglekoa (1141), arrastoa utziko zuen atzerritara. Urraka Gaztelakoa (c. 1130-1189), Gartzia Ramiritzen bigarren emaztea eta Iruñea Gaztelaren mende egotearen ikur. Antsa Gaztelakoa (1137-1179), Antso VI.a Gartzeiz Jakitunaren emaztea. Konstantza Tolosakoa eta Antso Santxitz VII. Azkarra, gutxi iraun zuen ezkon-bikotea. Errege indartsuaren bigarren emazte ilun eta ezezaguna. Dinastiaren bukaera. Berengela Nafarroakoa (c. 1165-1230), Ingalaterrako erregina eta Rikardo Lehoibihotzaren emaztea.

  6. CHAMPAGNEKO ETXEKO ANDREAK (1234-1305)
    Dinastia berriak, ohitura berriak: champagnetarrak. Margarita Borboikoa (1234-1256) atzerritar erregina, inor bada. Elisabet Frantziakoa (1242-1271), Tibalt II.aren emaztea eta San Luisen alaba. Frantziako erret familiarekiko ahaidetza. Zuria Artoiskoa (c. 1248-1302) eta gizonezko champagnetarren adarraren amaiera. Joana I.a, emakumea, Nafarroako eta Frantziako erregina (1274-1305). Inork espero ez zuen patua, Nafarroa eta Frantzia elkarrekin.

  7. FRANTZIAR ERREGINAK PIRINIOETAKO ERRESUMAN (1305-1349)
    Lege Saliko tranpatia, Baroien legea. Frantziar eta Nafar erreginak, inoiz erresuma zaharra ezagutuko ez zutenak: Margarita Burgundiakoa, Klementzia Anjoukoa, Juana Burgundiakoa, Zuria Burgundiakoa eta Maria Luxenburgokoa. Erresuma frantziarren nagusitasunari muzin egin eta emakume bat hautatzen du erreginatzat Frantziarekin loturik ez jarraitzearren: Joana II.a Nafarroakoa (1311-1349). Estatu kolpea eta besterena ez den erregina itzuli, Nafarroaz landako Lege Salikoa baten kariaz.

  8. ÉVREUXKO ETXEA (1349-1425)
    Joana Valoiskoa (1343-1425) eta bere senar Karlos II.aren (1332-1387) erregetza zaila. Leonor Trastámarakoa (1363-1373), Karlos III.aren bikotekidea, politikaren eraldaketa ezkontzaren bitartez. Evreuxtar erregeen maitaleak, familia handien eta gaitz berrien sorburu. Joana Nafarroakoa (1370-1437), Karlos II.aren alaba eta Henrike IV.a Ingalaterrakoaren emaztea. Egonkortasunetik familiaren zorigaitzera.

  9. ERREGINAK LEHIAN (1425-1479)
    XV. mendeko dinastien hondamendia. Zuria Nafarroakoa (1385-1441) eta Joan II.a (1398-1479), ongi ezkonduriko senar-emazteak. Zuria Nafarroakoaren testamentua, akats ezinago handia. Aines Cleveskoa (1422-1448), Vianako Printzearentzat hautaturiko emaztea. Joana Enriquez (1425-1468), inoiz Nafarroako erregina deitu behar izan ez zukeena. Herentziaren eta boterearen arazoa. Emakumeak perspektiba politiko berri batean, XV. mende gatazkatsuaren etorreran.

  10. FAMILIAREN ZORIGAITZA ETA BERE EMAKUMEAK (1479-1483)
    Gerra zibila eta Nafarroako erreginen inguruan izan zituen ondorioak. Zuria (1424-1464) eta Leonor (1426-1479), aitak jan zituen alabak. Zuriaren erailketa, gaitz berri eta kezkagarrien aitzakia. Leonor, gerra zibil betean erregina izan ez zen erregina. Magdalena Frantziakoa (1443-1495), andre handia eta Vianako Printzesa, nafar handiki harrapakariei aurre egin behar izan ziena.

  11. KATALINA FOIXKOA. NAFARROAKO AZKEN ERREGINA (1483-1516)
    Katalina I.a Nafarroakoa (1468-1517) eta lehen hamarkada erregetzan: erresumaren ausentzia. 1494Ko koroatzea eta lehen urteak erresumaren aurrean: Nafarroako erregetza modernizatzeko saiakera. Beste erregina handi baten aurrean: Isabel I.a Gaztelakoa. 1512Ko gerra, Katalina Foixkoaren zeregina. Atzerrialdi urteak eta azken ilusioa (1512-1516). Ama eta erregina, etorkizunerako herentzia.

  12. NAFARROA BEHEREKO ERREGINAK
    Erregina eredu berria, Isabel I.a Gaztelakoarengandik Isabel I.a Ingalaterrakoarengana. Margarita Angulemakoa (1492-1549) eta L’Heptaméron. Joana III.a Nafarroakoa (1528-1572), Nafarroako erregina protestantea, eredu politiko, erlijioso eta kultural berria ipar erresumarentzat. Nafarroako erreginak europar eredu kultural berriaren euskarri. Erresumaren amaiera, dinastiaren luzamendua: Nafarroa historiaren aurrean.









 
Webgunean cookieak darabiltzagu, gureak edo besterenak, erabilgarritasuna hobetzeko. Gunean jarraitzekotan, ulertzen dugu onartzen dituzula.  Ados  Informazio gehiago