Azkeneko berriak

 

Udaberrian bi ikastaro Euskokultur Fundazioan, Nafarroako Gazteluei buruzkoa eta Nafarroaren Historia konkista ondoren

Argitaratuta: 2022-02-14, Ikastaroak atalean


Nafarroako konkista gertatu zen bostehungarren urteurrenetik hona egin bezala, hau da, 2012tik aitzina, aurten ere gure Fundazioak historia ikastaroak antolatu ditu. Urteko bi sasoitan egiten dugunez, Nafarroako Estatuaren historia bi alditan erakusten dugu: Nafarroako estatu gisa sortu eta konkistatua izan artekoa, batetik, eta konkista eta geroko garaiak, joan den mendera arte. Hortik aitzina, historia baino, politika kontuak daude tartean...

Bigarren zati hau da oraingo ikastaroetako batean tratatua izanen dena.

Zer esanik ez, Fundazioaren xede geure kulturaren eta historiaren ezagutza eta dibulgazioa ditugularik, geuretik abiatzen gara eta Nafarroa euskaldunok eraturiko erakunde politiko eta estatutzat jo behar dugu nahitanahiez.

Bide horretan, konkista gauzatu bitartean inguruan zituen etsaien aurrean Nafarroaren izaera bera defendatu behar izan zuten nafarrek, eta horretarako gaztelu sare zabal bat eraiki zuten beren lurraldeetan. Gaztelak suntsiaraziko zituen gaztelu haiek ezagutzea eta zuten garrantziaren handia ikastea da aurkezten dugun ikastaro berriaren gaia. Aitor Pescador irakaslearen eskutik jorratuko dugu aurten historiaren beste alor hau.

Hortaz, gure webgune honetan ikusten ahal duzuen bezala, udaberri honetarako bi ikastaro deitzen ditugu: bata, "Nafarroaren Historia. Memoria bizia (1512-1982)" aurrekoetan ere egindakoa, eta bestea, lehen aldiz eginen duguna, “Nafarroako gazteluak. Erresuma baten ezaugarri” izenekoa.

Aipaturiko lehena Euskaraz (Amaia Alvarez) eta Gaztelaniaz (Aitor Pescador) eginen bada ere, gazteluen ingurukoa Gaztelaniaz baizik ez da emanen.

Jardueren atalean aurkituko duzue ikastaroen edukiei buruzko informazioa eta ikastaroetan izen emateko beharrezko dena. Urte hauek mendeurren urteak dira; gure historia gero eta gehiago ezagutzeko parada izan daitezela.

Itzuli

Bilaketa:

Webgunean cookieak darabiltzagu, gureak edo besterenak, erabilgarritasuna hobetzeko. Gunean jarraitzekotan, ulertzen dugu onartzen dituzula.  Ados  Informazio gehiago