Argitaratuta: 2019-04-11, Mikro-Ipuinak atalean
Apirilaren 10ean XII. Mikro-ipuin Lehiaketako sariak emateko lehen ekitaldia egin genuen Tuterako Argia Ikastolan, Fontellasko herrian, non aurten Nafarroa Oinez festa handia eginen duten. Han, bertako ikasle eta irakasleez gain, gainerako ikastetxeetako ikasle sariztatuak izan ziren (Alaitz BH Institutua, Ricardo Baroja Ikastetxe Publikoa, San Fermin ikastola eta Jaso ikastola). Horiekin batera, aurtengo gonbidatu Sustrai Colina bertsolari, kazetari eta kultur laguna. Bertan zen Hezkuntza Sailaren ordezkari Hasier Morras Aranoa jauna, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzu Zuzendaria.
D ereduari zegokion ekitaldia, eta, ohi bezala, gidari Pamiela Etxeko kide Joxe Angel Irigaray aritu zen, Sustrai Colinaren laguntzaz. Banan banan sarituak aipatu eta txalo artean jaso zituzten oroigarriak eta liburu sortak, nork bere ipuina irakurri ondoren. Gero, Sustraik bere ipuina irakurri zuen, eta segituan pare bat bertso eder bota zuen, ipuin egileei adorea emateko eta euskaraz idaztearen eta jolastearen ederra goraipatzen zuela.
Ekitaldia osatzeko, Argia ikastolako hainbat ikaslek olerki landu batzuk eskaini zituzten, eta gazteago batzuk, berriz, Nafarroa Oinez datorrela eta, dantza eta kanta alai eta goxoa aurkeztu zuten guztion aurrean. Giro ezin politagoan iragan zen ekitaldia. Bukatzeko, esker hitzak guztientzat izan ziren gure Fundazioaren eta Pamiela etxearen aldetik, epaimahaikideentzat egindako lan handiarengatik, Hezkuntza Sailarentzat ematen digun laguntzagatik, saritutakoak eta beren ahaideak gurekin elkartzeagatik, Argia ikastolari bere harrera goxoagatik, eta irakasle eta ikasle guztiei parte hartzeagatik.
Bigarrena maiatzaren 2an Mutiloan ospatu genuen. A ereduko ikasleen sari banaketa egiteko Mutiloako San Pedro ikastetxeko ikasleekin izan ginen eta aurreko saioan bezala, Joxe Angel Irigarayk eta Sustrai Colinak banatu zituzten sariak. Bertako ikasleek prestatutako ekitaldiekin disfrutatu genuen.
Azkenik, maiatzaren 21ean Donamartiriko (Nafarroa Beherea) Arberoa Ikastolara joan ginen eta han hirugarren ekitaldia egin. Aurrekoetan bezala, kanta, dantza eta Sustrairen bertsoak izan ziren ipuinekin batean bertako irakasleekin eta ikasle gaztetxoekin oso tarte ederra pasatzeko aitzakia, etxeko giroan.
Mikro-ipuin Lehiaketaren edizio hau bukatzeko, urtero bezala sarituriko ipuinez osatzen dugun liburuttoa argitaratzea izanen da. Iruñeko Liburu Azokan aurkezteko asmoa dugu eta hara gonbidatuko ditugu idazle guztiak, hala nola lehiaketaren antolaketan lagun ditugun erakunde zein irakasle, epaimahaikide, fundazioko kide eta beste.
*(Klikatu beheko argazkiak galeria osoa ikusteko)