Argitaratuta: 2019-03-07, Besteak atalean
Azken txanpan sartu da 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Tuteran otsailaren 9an abiatu zen bidea laster iritsiko da bere azken helmugara, martxoaren 23ko Iruñeko finalera. Bide horrek, ordea, azken bi geltokiak izango ditu datorren asteburuan, Etxarri Aranatzen eta Lesakan jokatuko diren bigarren eta hirugarren (eta azken) finalaurrekoetan. Igandeko saioa bukatzearekin batera zehaztuko da Anaitasunako finalean arituko diren zortzi bertsolarien zerrenda.
Larunbatean, martxoak 9an, Etxarri Aranatzen jokatuko da bigarren finalaurrekoa, eta ondoko sei bertsolari hauek ariko dira finalerako txartel bila: Julio Soto, Xabier Terreros, Julen Zelaieta, Diego Riaño, Iker Gorosterrazu eta Iban Garro. Alaitz Rekondo ariko da gai-jartzaile lanetan. 17:30ean hasiko da saioa, Etxarri Aranazko Kultur Etxean. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Etxarri Aranazko Udalaren laguntzarekin antolatu du saioa.
Igandean, martxoak 10, Lesakan jokatuko da hirugarren eta azken finalaurrekoa. Sei bertsolari izango dira taula gainean, finalerako sailkapena helburu: Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Xabat Illarregi, Alazne Untxalo, Saioa Alkaiza eta Eneko Fernandez. Gai-jartzaile zereginetan Fernando Anbustegi ariko da. 17:30etan hasiko da saioa, Lesakako Harriondoa Kultur Etxean. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Lesakako Udalaren laguntza jaso du saioa antolatzeko orduan.
Joseba Beltza, Nerea Bruño, Mikel Beaumont eta Jon Abril dira finalaurrekoetako faseko epaileak. Haiena izango da bertsolarien lana puntuatzeko ardura. Bi saioetako irabazleek zuzenean eskuratuko dute finalean kantatzeko txartela; gainerakoek finalaurreko guztietan zer pasa itxaron beharko dute, puntuazioaren arabera sailkatzen diren ala ez jakiteko. 18 bertsolari ari dira finalaurrekoetan, eta 8rentzako tokia izango da finalean. Martxoaren 23an jokatuko da finala, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.
Iturria: www.bertsozale.eus