Argitaratuta: 2018-06-21, Ikastaroak atalean
Udaberriko ikastaroak bukatu berri, hurrengo ikasturtekoak prest ditugu dagoeneko. Udaren bueltan, Nafarroa Estatu subiraua zeneko garaia aztertuko dugu, Orreagako gatazkatik eta 1512ko konkistara arte. Irailaren 25an abiatuko da ikastaroa, 12 saio eginen direlarik abenduaren 18a bitarte.
Euskarazko saioak astearteetan izanen dira, Bixente Serranoren eskutik. UEUrekin (Udako Euskal Unibertsitatea) elkarlanean antolatutako ikastaroa da hau. Gaztelaniazkoak berriz asteazkenetan, Aitor Pescadorrek gidatuta. Bi taldeen ordutegia berdina da, 19:30etik 21:00etara.
Saioz saio, “urte ilunak” deiturikoak (778-900) landuko dira, halanola Iruñeko Erreinuaren lehen zabalpena (905-1000) eta Antso III. Nagusiaren eta bere oinordekoen gorabeherak. Segidan, Iruñeko Erreinutik Nafarroako Erreinurako eginiko bidea (1076-1194) aztertuko da, XV. mendeko asaldadura arte. Abendura helduta, Nafar Estatuak Europarekin izandako harremana eta Nafarroaren konkista jorratuko da.
Euskaraz, matrikularen prezioa 50 euro da eta gazteleraz 60 euro eta plazak mugatuak dira. Informazio gehiago eta izen-ematea, ikastaroen atalean.