Azkeneko berriak

 

Mikro-ipuin lehiaketa: sari-banaketa ekitaldiak

Argitaratuta: 2018-05-25, Mikro-Ipuinak atalean


Apiril amaieran eta maiatzean Mikro-ipuin lehiaketako sariak banatzeko ekitaldiak egin genituen, Iruñeko Calasanz ikastetxean A ereduari dagokiona, Lekarozko institutuan D ereduari dagokiona eta Ortzaizeko ikastolan Iparraldeko ikasleendakoa.

Zein bere ingurunean, Calasanz-Eskolapios ikastetxekoa jendetsuena suertatu zen. Ederki apaindu zuten areto nagusia eta harrera ezin hobea izan zuten bai saria jaso behar zuten ikasleek eta bai aurtengo gonbidatu Zuriñe Hidalgo Hesian taldeko kantari eta telebistako aurkezleak, haren bi kantarekin koreografiak oparitu baitzizkioten ikasleek.

Pamiela Argitaletxeko Jose Angel Irigaraik eta Zuriñek gidatu zuten zeremonia. Mendavia, Iruñea eta Valtierrako hainbat ikasle, guraso eta irakasle bertaratu ziren, eta Hezkuntza Departamentuko ordezkatzeko Marian Antoñana.

Lekarozen eraikin serio eta handia bisitatu genuen, eta Joxeanjel Irigaraik Baztan aldeko jakingarriak azaltzeko aukera izan zuen, han bildutako ikasleek Artzek egin lurralde eder horren aipamen poetikoari arrapostua emanez. Beste lurralde argitsu batetik aldetik heldu ziren Argia ikastolakoak, eta Ituren eta Altsasukoekin aldi goxoa pasa genuen. Gurekin Hasier Morras izan zen, Hezkuntza Departamentukoa, eta Ikastolen Elkarteko Josu Reparaz ere, gure lehiaketari babesa eman ohi diotenak.

Ortzaizeko ikastolan hango haurrekin bat egin genuen giro goxo eta alaian, kantari jardun zuten ikasle txikiak. Ez genuen han hainbeste bisitaririk izan, etxean bezala egon ginen eta kafea eman ziguten. Baxenafarroako txoko eder eta lasai hartan geratuko ginen gustu handiz, paraje horietan egunero sortzen baita ipuin bat edo beste...

Baina gu sariak ematera joanak ginen batera zein bestera, eta idazle ttikiek beren liburu sortak eta diplomak eta oroigarriak jaso zituzten, bertan zirenek nork bere ipuina guztiontzat irakurri eta gero, noski. Zuriñek ere bere alea eskaini zigun Iruñean eta Lekarozen.

Hiru sari emate ekitaldiak eginda, hurrengo urratsa saridun ipuinak bildu eta liburu batean argitaratzea da; Pamiela argitaletxea arduratzen da eta Iruñeko Gazteluko plazan egiten den liburu azokan, ekainaren hasieran, aurkeztuko dugu. Denak gonbidatzen ditugu hara: saria izandakoak, epaimahaikideak, antolatzaileak, gurasoak eta lagunak, irakasleak eta erakundeak ere. Liburu txikia da, baina sormen handia dago 100 hitz baino laburrago diren literatur lan xume horien bilduman.

Hemen daude 2017ko edizio honetan saritutakoak, eta hemen liburua, nahi bezala goza dezazuen.

Itzuli

Bilaketa:

Webgunean cookieak darabiltzagu, gureak edo besterenak, erabilgarritasuna hobetzeko. Gunean jarraitzekotan, ulertzen dugu onartzen dituzula.  Ados  Informazio gehiago