Argitaratuta: 2018-03-22, Mikro-Ipuinak atalean
Mikro-ipuin lehiaketaren hamaikagarren edizioan saritutako idazlanen zerrenda hemen duzue. Fundazio honek eta Pamiela argitaletxeak antolatzen dugu sariketa, Nafarroako Hezkuntza Departamenduaren laguntzaz. Guztira 64 zentroko 1.056 ikaslek hartu dute parte.
Aingeru Epaltzak, Inma Erreak, Itziar Diez Ultzurrunek, Fertxu Izquierdok eta Jon Abrilek osatu dute aurtengo epaimahaia, eta lan guztiak aztertu ondotik kategoria bakoitzeko irabazleak eta ohorezko aipamenak aukeratu dituzte.
Epaimahaikideen esanetan, "urtez urte gazteek darabiltzaten gaiak gaurkotasunezkoak dira. Ikusgarria da adin horietako neska-mutilek nola gai sakonak, potoloak gogoan hartzen dituzten eta zein abileziaz tratatzen dituzten, batzuetan intentzio osoz, besteetan agian inozentzia apur batez. Bestalde, hautatu ditugun lanak ezaugarri bereziren batengatik aukeratu ditugu, baina badira beste mikro-ipuin asko beren balioa erakusten dutenak".
Partaidetza nabarmentzeaz gain, epaimahaiak lanen kalitatea goraipatu du bere deliberoan: “Kalitateak gora egin du orohar, eta batez ere nabarmentzekoa da A ereduko ikasleen lanen kalitatea, hizkuntzan aurrerapen miresgarria egiten ari baitira eredu horretakoak. Kontutan hartuta, jakina, beharbada ez direla mintzatzeko eta euskara erabiltzeko ingurune aproposenean bizi. Ikasleek aukeratzen dituzten gaien aldetik, nabari da Iparraldeko eta Nafarroa Garaiko giro soziala zein ahozko tradizioa egoera desberdinetan daudela, eta emaitzak ere heterogeneoak direla, baina horrek kolore gehiago ematen dio gure lehiaketari". Aurten sail guztietan eman dituzte sariak epaimahaikideek.
Lehen saria: “Behien eta xerrien arteko injustizia”. Bastien Brise. Amikuzeko kolegioa (Donapaleu). 5. urtea.
"Istorio ongi biribildua da. Esan liteke ahozko tradiziotik heldua dela, fabula girokoa, ironia puntu egoki batez hornitua."
Saritutako egile bakoitzak diploma bat eta Pamiela argitaletxearen liburu sorta bana jasoko du, apirilean zehar ikastetxe ezberdinetan eginen diren ekitaldietan. Ekitaldiotan abeslari eta telebistako aurkezle Zuriñe Hidalgok hartuko du parte, aurtengo edizioko artista gonbidatu moduan. Horrezaz gain, egile hauen guztien ipuinak biltzen dituen liburuxka argitaratuko du Pamielak. Ikastetxeetan baliabide didaktiko moduan erabiltzeko moduko argitalpena da, eta ekainean aurkeztuko da, Iruñeko Liburu Azokan.