Azkeneko berriak

 

Hasta la vista Iberdrola, agur t’erdi Goiener

Argitaratuta: 2018-03-15, Besteak atalean


Goiener Kooperatibako bazkide egin da Euskokultur, eta hemendik aitzina, fundazioaren mintegi eta bulegoetan %100 iturri berriztagarrietatik heldu den argindarra kontsumituko dugu.

Zergatik? Bada irizpide ekologikoengatik, jakina. Baina ez soilik planetari, Antartiari edota erregai fosilen mundu mailako estualdiari begirako irizpide ekologikoengatik, baizik eta, gainera, gure herriarekiko begirunez ere: bertan bertakoa kontsumitu nahi dugulako, inguruko ekonomia hauspotuz, kalitatezko lanpostuak sortuz eta harreman komertzialetan euskararen erabilera bultzatuz.

Herri kooperatiba da GOIENER, irabazi asmorik gabekoa. Eredu energetikoa aldatzearen alde dihardu, eta bazkideei %100 berriztagarria den elektrizitatea saltzen die. Elkarte honek 2012an ekin zion bere bideari, Goierriko Garapen Agentziaren laguntzarekin. Gaur egun, 20 langilek eta 8.000 bazkidek osatzen dute. Artean, hainbat elkarte, norbanako eta erakundek, halanola Berako, Leitzako eta Berriobeitiko Udalak, edota Sakanako Mankomunitatea eta Albaola Itsas Faktoria.

 

Beraz, betiko energia-hornitzaileari agur esanez eta Goienerri gure etxeko atea irekiz, burujabetza ekonomiko eta energetikoaren alde gure apurtxoa jarri nahi izan dugu. A! Eta egin kontu: urtean, batazbeste, 700 euro aurreztuko dugu; gainera, hemendik aurrera euskaraz izanen da gure zerbitzu-emailearekiko komunikazioa. Soilik horregatik balitz ere, ez da abantzamendu makala.

Zu ere aurrerapausoa egitekoa bazara, jar zaitez haiekin harremanean eta duzun duda oro azaldu. Ez zaizu damutuko!

Itzuli

Bilaketa:

Webgunean cookieak darabiltzagu, gureak edo besterenak, erabilgarritasuna hobetzeko. Gunean jarraitzekotan, ulertzen dugu onartzen dituzula.  Ados  Informazio gehiago