Azkeneko berriak

 

2016ko Mikro-ipuin Lehiaketa abian

Argitaratuta: 2016-10-11, Mikro-Ipuinak atalean


Zuberoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaian euskaraz ari diren ikastetxe guztiei zuzenduriko lehiaketaren hamargarren edizioa iragarri dugu.

Euskokultur Fundazioak eta Pamiela Argitaletxeak Mikro-Ipuin lehiaketaren X. edizioa aurkeztu dute, 100 hitzera arteko euskarazko idazlanak sarituko dituena.

Pamielako kide Pello Eltzaburuk lehiaketaren zioak agertu ditu, eta orain arte izan duen arrakasta tranpa txiki batean oinarritzen dela adierazi du, alegia, ikasleei 100 hitz baino gehiago idaztea debekatzen zaiela, ustez eta lan txikiagoa dutelakoan, baina ipuina horren tarte txikian sartzea benetako ahalegina eskatzen duela.

Aurtengo edizioan ohorezko gonbidatua Oier Sanjurjo izanen da, Osasuna taldeko jokalaria. Berak ere bere ekarpentxo literarioa eginen du, eta parte-hartzaile, irakasle eta gurasoekin batera ospatzen den sari banaketan parte hartuko du. Bestalde, antolatzaileek hainbat gonbidaturen etortzea eskertu dute. Bertan izan dira, besteak beste, Hezkuntza Saileko ordezkari Marian Antoñana, Euskarabideko Eduardo Aldasoro edo Iruñeko Udaleko Euskara Teknikari Iñaki Azkona, Fundazioko presidente Bixente Serranorekin batean.

Euskokultur Fundazioko Malen Eugik azaldu duenez, haur eta gazteen artean euskararekiko atxikimendua sustatu eta sormen literarioa bizkortzeko helburuarekin jaio zen Mikro-Ipuin lehiaketa, duela 10 urte, Pamiela Etxeak eta Euskara Kultur Elkargoak bultzaturik. Aurten lehenbizikoz Euskokultur Fundazioak eta Pamielak egin dute deialdia, helburu berdintsuekin Nafarroa Garaiko eta Iparraldeko ikasleei zuzendua.

Sei kategoriatan antolatuta dago lehiaketa, ikasketa-ereduaren eta zikloaren arabera; Nafarroa Garaiko (A zein D ereduko) lehen eta bigarren hezkuntzako eta Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Lapurdiko lehen eta bigarren mailako ikasle orok hartu dezake parte.

Kategoria bakoitzeko irabazleak eta ohorezko aipamena jasotzen duten egileek liburu sorta bana jasoko dute. Horrezaz gain, hautaturiko lanak mikro-liburu batean argitaratuko ditu Pamielak. Epaimahaia Aingeru Epalzak, Inma Erreak, Toño Murok eta Itziar Diez de Ulzurrunek osatuko dute.

Antolatzaileek abenduaren 16 arte jasoko dituzte lanak. Lehiaketaren arauak eta parte hartzeko argibide guztiak www.euskokultur.eus webgunean ikusgai daude.

Itzuli

Bilaketa:

Webgunean cookieak darabiltzagu, gureak edo besterenak, erabilgarritasuna hobetzeko. Gunean jarraitzekotan, ulertzen dugu onartzen dituzula.  Ados  Informazio gehiago