Argitaratuta: 2016-12-15, Jarduera atalean
UEUk “IkerGazte: Nazioarteko ikerketa euskaraz” kongresuaren bigarren edizioa aurkeztu du. Oraingo honetan Iruñean izango da, NUPekin elkarlanean, maiatzaren 10, 11 eta 12an.
2015ean egin zen lehenengo kongresua Durangon eta 200 ikertzailek parte hartu zuten; eta, beraz, "argi geratu zen horrelako foro bat behar zela" dio Iñaki Alegria UEUko zuzendariak. Hori ikusita, bi urterik behin antolatzea erabaki zuten. Izan ere, Alegriaren esanetan “UEUren helburu garrantzitsuenetako bat izan da bere hasieratik euskal komunitate zientifiko-intelektuala trinkotzea. Elkarren berri izatea ezinbestekoa da ezagutzak aurrera egin dezan, are gehiago gure kasuan, euskaraz lanean dihardugun ikertzaileak hain sakabanatuta egonda".
IkerGazteren helburuak ikertzaile euskaldunen ikusgarritasuna handitzea, ikertzaileen arteko harremanak sendotzea eta euskarazko zientzia produkzioa areagotzea dira Olatz Perez de Viñaspre IXA taldeko ikertzaile eta UEUkidearen esanetan; eta IkerGazte izatea zer den ere definitu du: "Ikerketa ibilbide gaztea adierazi nahi du, hau da, tesia bukatzen edo doktoratu ostean lanean ari diren ikertzaileei egiten die erreferentzia"
Hiru egunetan hitzaldi orokorrak, ahozko aurkezpenak, posterrak zein tailerrak izango dira NUPeko campusean. Ekarpenak bidaltzeko epea ere irekita dago. Otsailaren 28ra arte izango da horretarako aukera.
Hautatutako artikuluak ISBNa izango duen argitalpen digital batean agertuko dira eta Euskal Herriko hainbat argitaletxerekin lankidetzan bertsio hedatuak argitaratzeko aukera ere egongo da.
Iturria: unibertsitatea.net