Iragan ostiralean, ekainaren 2a, 2016 Mikro-ipuin lehiaketan saritutako lanak biltzen dituen liburuttoa aurkeztu genuen Gazteluko plazan, urtero liburu-saltzaileek antolatzen duten azokaren ingurunean. Liburuak ikasleen 23 ipuinez gain Oier Sanjurjok idatzitakoa ere badakar, bai eta epaimahaiak emandako akta ere.
Pamiela etxeak argitaratua, liburua ez da salgai jarriko, prezio sinbolikoa baizik ez baitu. Bai ordea, doan banatuko ikastetxe guztietara, baliabide didaktiko gisa baliatua izan dadin. Paperezko argitalpenaz gain, PDF formatuan eskaintzen dugu, bertatik eskuratzeko moduan.
Aurkezpen ekitaldian, argitaratzaileekin batean lehiaketako epaimahaikideak eta hainbat gonbidatu ere izan ziren. Hauen artean eta irakasleren batek lagundurik, idazleetariko batzuk, jendaurrean nork bere ipuina irakurri baitzuen. Ipuin-egileek ale sorta eraman zuten, etxekoen zein lagunen artean banatzeko.
Inma Errea eta Itziar Diez Ultzurrun epaimahaikideek egin zituzten aurkezle eta irakurle lanak, Pello Elzaburuk liburuaren gaineko zertzelada batzuk eman zituen eta Fundazioko patronatukide Xamarrek bertan zeudenak agurtu eta ikasleak oro zoriondu zituen.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza sailaren ordezkari hainbat lagun etorri zen, besteak beste Maria Solana Hezkuntza kontseilari andrea. Sail horrek lehiaketa honi zein liburuari harrera egokia egin die, nola A eta D ereduko ikastetxeentzat hala ikastolentzat ekarpen baliagarria delako.
Aleak ez du toki handirik hartuko etxeko liburutegian, liburuan ipuinek toki handia hartzen ez duten era berean, baina bai erakusten du gure euskal ikasleen irudimenaren handia! Bejondeiela eta jarrai dezatela sormena geure hizkuntzan lantzen.
Euskokultur Fundazioak eta Pamiela argitaletxeak antolatutako Mikro-ipuin lehiaketako sariak banatu dira azken egunetan. Maiatzaren 10ean (Larraintzarren), maiatzaren 11an (Cortesen) eta maiatzaren 14an (Senpereko Herri Urratsen) izan dira sari-emate ekitaldiak, partaidetza handiz eta giro goxoan.
D ereduko saridunen ekitaldia, Larraintzarren
Maiatzaren 10ean, asteazkena, D ereduko Lehen eta Bigarren hezkuntzako sariak banatu ziren, lepo beteriko Ultzamako Gizarte Zentroko areto nagusian.
Luis Lizarribar Larrainzar DBHI-ko zuzendariaren aurkezpenaren ondotik, ikastetxeko ikasleek zenbait bertso eta dantza egin zituzten. Ondotik, Pamiela argitaletxeko Pello Elzaburuk eta Osasunako jokalari Oier Sanjurjok banatu zizkieten sariak honako saridunei:
D ereduko Lehen Hezkuntza:
Lehen saria: “Susanaren motxila”.. Aizea Jarauta Alvarez. Argia Ikastola (Tutera). 5. maila.
Ohorezko aipamenak:
“Julieta”. Naroa Taniñe Aizpún. Auzalar Ikastetxe Publikoa (Orkoien). 6. maila.
“Oreina eta Orkatz ehiztaria”. Sugar Luying Genua Alemán. Erleta Eskola (Leitza). 5. maila.
“Ez dakit zergatik”. Iratxe Ciordia Lapeña. Argia Ikastola (Tutera). 6. maila.
D ereduko Bigarren Hezkuntza:
Lehen saria: “Pentsamenduak”. Irune Elizalde Abad. Larrainzar DBHI (Larraintzar). 2. maila.
Ohorezko aipamenak:
“Herenegun”. Garai Medrano Kareaga. Garcés de los Fayos Ikastola (Tafalla). 2. maila.
“Elurra” Haritz Goikoetxea Flores. Iñigo Aritza Ikastola (Altsasu). 4. maila.
“Txanogorritxo”. Ane Arboniés Eskiroz. Alaitz BHI (Barañain). 3. maila.
Saridun bakoitzak bere mikro-ipuina irakurtzeko parada izan zuen, Oier Sanjurjo gonbidatuak bezala, berak ere espreski prestatu baitu mikro-narrazio berezia ("Gogoeta") edizio honetarako.
Ekitaldian presente egon ziren Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza departamenduko ordezkari Asier Morras, Ultzamako Alkate Arantxa Martinez eta Ultzamako udaleko kultura zinegotzi Puri Etxeberria ere.
Euskokultur Fundazioko lehendakari Bixente Serrano Izkoren agurrarekin, eta partaide guztien argazkiarekin amaitu zen ekitaldia.
A ereduko saridunen ekitaldia, Cortesen
Biharamunean, maiatzaren 11 osteguna, A ereduko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako sariak banatu ziren Cortesko Bardenas Reales institutuan. Oraingoan, Olaia Nuñez ikastetxeko Euskara irakasleak egin zituen aurkezle lanak. Lehen Hezkuntzako ikasleek kanta bat eman eta Bigarren Hezkuntzakoek Cortes herriari eta euskaraz ikasteko beren ibilerari buruzko ikus-entzunezko bat prestatu zuten ikusleen gozagarri. Ondoren, sari-ematea, Pamielako Jose Angel Irigaraik eta Oier Sanjurjo izan zirelarik sari-emaleak:
A ereduko Lehen Hezkuntza:
Lehen saria: “Aitor eta dragoia”. Jon Suescun Bustince. Escolapios-Calasanz (Iruñea). 6. maila.
Ohorezko aipamenak:
“Elkarrizketa whatsapp”. Aimar Ruiz Balduz. Juan Bautista Irurzun E.P. (Azkoien). 6. maila.
“Leihoa irekita”. Leire Pérez Tolosa. La Compasión-Escolapios (Iruñea). 6. maila. –Tamalez ezin izan zuen bertaratu-.
“Ilearen agurra”. Irati Elizari Sanz. Escolapios-Calasanz (Iruñea). 6. maila.
A ereduko Bigarren Hezkuntza:
Lehen saria: “Fikzioa edo errealitatea?”. Hirune Martinez Uriel. IESO Bardenas Reales (Cortes). 4. maila.
Ohorezko aipamenak:
“Jaiak”. Nora Nayem Bachir. IESO Bardenas Reales (Cortes). 4. maila.
“Buh!!”. Elena Galindo Calvo. IES Marqués de Villena (Marcilla). 4. maila.
“Amaierarik gabeko liburua”. Amaya Ongay Tejada. IES Marqués de Villena (Marcilla). 3. maila.
Cortesen ere, saridunek eta baita Oierrek ere, aukera izan zuten beren mikro-ipuinak institutoko liburutegia mukuru betetzen zuten entzuleei irakurtzeko. Tartean ziren Cortesko alkate Conchi Ausejo eta udaleko kultura zinegotzi Maria Jesús Zoco.
Bixente Serrano Izkoren esker-hitzek eta argazki-saioak eman zioten amaiera ekitaldiari.
Iparraldeko saridunen ekitaldia, Senperen
Herri Urratsen ospakizuna probestu genuen, igande maiatzaren 14ean, Iparraldeko sari banaketa egiteko. Oraingoan Jose Angel Irigaraik eta Bixente Serrano Izkok egin zituzten aurkezle lanak eta Ken 7 musika taldeko Eñaut Elorrieta kantariaren laguntza izan zuten sariak emateko garaian. Neska-mutiko hauek izan ziren saridunak:
Lehen Maila:
Lehen saria: “Neska zoriontsua”. Laurendi Oihenart. Arberoa Ikastola (Donamartiri). 5. urtea.
Ohorezko aipamenak:
Izenbururik gabekoa. Goizane Etxeverri-Lopepe. Oztibarreko Ikastola (Larzabale). 1. urtea.
“Ametsa”. Maialen Arboi. Uztaritzeko Ikastola (Uztaritze). 5. urtea.
“Nire ustezko oparia”. Aizane Defois. Ezkia Ikastola (Hazparne). 5. urtea.
Bigarren Maila:
Sail honetan Lehen Saria hutsik uztea erabakia baitzuen Epaimahaiak, bakarrik ohorezko aipamenak aurkeztu ziren.
Ohorezko aipamenak:
”Salbatzailea”. Olivia Telechea. Xantako Kolegioa (Donibane Lohizune). 5. urtea.
“Neguko sugearen zazpi buruak”. Lilou Aguerre. Xantako Kolegioa (Donibane Lohizune). 5. urtea.
“Haurra eta sorgina”. Eva Izaguirre. Xantako Kolegioa (Donibane Lohizune). 5. urtea.
Parte-hartzaile guztien talde-argazkiarekin amaiera eman genien 2016.eko Mikro-ipuin lehiaketako sari-emate ekitaldiei.
Hiru saioetan parte hartu izan duten lagun guztioi eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu.
Azteazkenean UEUk eta NUPek antolatutako IKERGAZTEren bigarren kongresua hasiko da Iruñeko NUPeko campusean. Ikertzaile gazteen (ibilbide zientifikoan) arteko ezagutza sustatzea, haien ikerketei ikusgarritasun handiagoa ematea eta euskarazko zientzia aregotzea ditu helburu.
Informazio gehiago IKERGAZTEren webgunean aurkituko duzue.
EGITARAU OROKORRA
Asteazkena, maiatzak 10
08:30 Harrera mahaia irekiko da
09:00-09:30 Harrera ekitaldia
09:30-10:30 Hitzaldi orokorra: “A Journey into the World of Galaxies“. Laurence Tresse (Lyoneko astrofisika ikerketa zentroko zuzendaria).
10:30-11:00 Hitzaldi orokorra: “Katedralaren eraikuntza“. Jose Ramon Etxebarria (UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea, UEUkidea).
11:00-11:30 Kafea
11:30-13:30 Aurkezpenak / Posterrak
13:30-15:00 Bazkaria
15:00-18:00 Tailerrak / Mahai ingurua
(T) Informazioaren irudikapena. Nondik hasi?
(T) Komunikazioa errazteko tresnak
(T) Euskaraz hobeto idazteko tailerra
(MH) Ikerketa eta politika. Politika eta Ikerketa.
18:30-20:00 Saio Osagarriak
Osteguna, maiatzak 11
09:00-10:00 Hitzaldi orokorra:“Bizitza eta karrera ikerkuntzan: Nire esperientzia” Arkaitz Carracedo (CIC BioGUNEko Onkologia Molekularra ikerketa taldeko burua)
10:00-11:00 Aurkezpenak / Posterrak
11:00-11:30 Kafea
11:30-13:30 Aurkezpenak / Posterrak
13:30-15:00 Bazkaria
15:00-18:00 Tailerrak
(T) Ikerketatik irakaskuntzara: gaitasun digitala giltzarri
(T) Bibliografiaren kudeaketa Zotero erabiliz
(T) Ingurune digitalaren inguruko ikerketak diziplina aniztasunaren ikuspegitik: sarea egiten
(MH) Euskarazko aldizkarien etorkizuna
21:00 Afari berezia eta saio osagarria
Ostirala, maiatzak 12
10:00-11:00 Hitzaldi orokorra. Elin Haf Gruffydd Jones. Aberystwyth unibertsitateko irakasle eta ikertzailea.
11:00-11:30 Kafea
11:30-13:30 Aurkezpenak / Posterrak
13:30-14:30 Bukaerako saioa eta sarien banaketa
Urtebeteko geldialdiaren ondoren, sasoiz eta indartsu itzuli da mikro-ipuin lehiaketa. Euskokultur Fundazioak eta Pamiela argitaletxeak antolaturiko hamargarren edizioan nabarmenki gora egin du parte-hartzeak. Izan ere, 1500 ipuin baino gehiago jaso dute antolatzaileek.
Aingeru Epalzak, Inma Erreak, Toño Murok, Joxemari Sestorainek eta Itziar Diez de Ulzurrunek osatu dute aurtengo epaimahaia, eta lan guztiak aztertu ondotik kategoria bakoitzeko irabazleak eta ohorezko aipamenak aukeratu dituzte.
Aurreko edizioan 1200 idazlan jaso ziren, 48 ikastetxetatik. Ikasturte honetan berriz, 75 ikastetxetako 1559 ipuin heldu dira. Jasotako lan kopuruaz gain, bereziki pozgarria da eremu eta eredu aldetik izandako partaidetza anitza. Izan ere, lehiaketa sei kategoriatan antolatuta dago, eta horietako bakoitzean hautagaitza kopuru polita izan da:
kategoria |
zentroak |
ipuinak |
|
Nafarroa Garaia | D eredua- Lehen Hezkuntza | 24 | 473 |
D eredua- Bigarren Hezkuntza | 7 | 306 | |
A eredua- Lehen Hezkuntza | 17 | 236 | |
A eredua- Bigarren Hezkuntza | 11 | 219 | |
Xuberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroa | Lehen Maila (Ikastolak) | 14 | 287 |
Bigarren Maila (Kolegioak) | 2 | 38 | |
Guztira | 75 | 1559 |
Epaimahaiaren esanetan, “urtero bezala, ustekabe atsegina izan da irabazleen izenak eta ikastetxeak jakitea. Nafarroa Garaian, sariak bazter guzti-guztietara barreiatu dira aurten, Mendialde, Iruñerri nahiz Tafallalde. Alde guztietakoak zaizkigu pozgarri. Hala ere, uste dugu nabarmentzekoa dela Erriberako ikasleek aurten erakutsi duten indarra. Eskualde horretako neska-mutilak bikain aritu zaizkigu, bai A eredukoak baita D eredukoak ere. Haien irakasleen merezimendua ere bada emaitza polit hori.” Era berean, epaimahaiaren hitzetan “azpimarratzekoa da, eta bereziki alaigarria, Iparraldeko kolegioek estreinakoz parte hartu izana. Lehen saria eman gabe gelditu bada ere, ongi etorririk beroena zuzendu nahi diegu Xantako Kolegioko eta Jean Pujo Kolegioko ikasleei, eta bide batez, bi ikastetxe horiek zabalduriko bideari lotzeko gonbidapena gainerako Kolegioei.”
Partaidetza nabarmentzeaz gain, epaimahaiak lanen kalitatea goraipatu du bere deliberoan: “Gaien aldetik, gure haur eta gazteei buruan dabilzkien kezka, nahi eta desiren erakusleiho dira narrazio laburrok. Horiek irakurrita, aise asmatzen ahal da neska-mutilen beldurrak eta ametsak zein diren, eta beren fantasia nora edo zertara proiektatzen duten. Aunitz izanik eta haien artean on franko, zeregin benetan zaila gertatu zaigu hoberenak hautatzea. Minez, lan benetan estimagarriak utzi behar izan ditugu saririk eta aipamenik gabe. Ezin eman merezi zuten guztiei.”
"Amaiera arte tentsioa edo misterioa mantentzen jakin du, bukaera erabat lasaigarria emanez. Bestalde, egungo gazteen artean gai sakon bati heldu dio."
"Elkarrizketa laburrean, lau pertsonaia aurkezteko trebezia izan du, hizkuntzarekin eta ipuinaren mamiarekin jolastuz."
"Nabarmentzekoa da hiru hitzetan nola irudikatu dituen haur baten irudimena eta inozentzia, "zaldun arrunt bat", ia oximoron batez, izan ere. Narratiboki ere meritu handikoa."
"Izenburuko zalantza irekita utzirik, egoera guztiz arrunt batetik gaur egungo gai mingarri baten iradokizuna egitea lortu du, galdera xume baten bitartez."
"Bost esaldi aski izan ditu istorioaren barnean iraulketa gauzatzeko, pertsonaiak itzulikatuz."
|
Sari-banaketa ekitaldiak eta liburuaren aurkezpena
Nafarroa Garaiko D ereduari dagozkion sariak maiatzaren 10ean banatuko dira Larraintzarreko Institutuan; A eredukoak, berriz, maiatzaren 11n, Corteseko IESO Bardenas Reales ikastetxean. Bi hauetan Oier Sanjurjo Osasuna futbol taldeko jokalaria arduratuko da sariak banatzeaz. Iparraldeko ekitaldia Herri Urratsen jaialdiaren baitan eginen da, maiatzaren 14ean. Eñaut Elorrieta izanen dugu bertan sari emaile.
Saritutako egile bakoitzak diploma bat eta Pamiela argitaletxearen liburu sorta jasoko du. Horrezaz gain, egile hauen guztien ipuinak biltzen dituen liburuxka argitaratuko du Pamielak. Ikastetxeetan baliabide didaktiko moduan erabili ahal izateko argitalpena da, eta ekainean aurkeztuko da, Iruñeko Liburu Azokan.
Ikasturte honetan sasoiz eta indartsu heldu da mikro-ipuin lehiaketa. Euskokultur Fundazioak eta Pamiela argitaletxeak antolaturiko hamargarren edizioan nabarmenki gora egin du partehartzeak; izan ere, 1500 ipuin baino gehiago jaso dira.
Jasotako lan kopuruaz gain, bereziki pozgarria da eremu eta eredu aldetik partaidetza anitza. Nafarroa Garaian, A ereduko 28 ikastetxetik eta D ereduko 21etik igorri dituzte idazlanak. Iparraldeko zentroetan berriz, aintzat hartzeko moduko gorakada nabari da aurreko edizioekin alderatuta: 14 eskolek hartu dute parte eta –estreinakoz- bi kolegiok.
Ikasketa ereduaren eta zikloaren arabera, sei kategoriatan banatuko dira sariak eta kategoria bakoitzean lehen saria edo aipamena jasotzen duten egileek liburu sorta bana jasoko dute. Horrezaz gain, haien lanak mikro-liburu batean argitaratuko ditu Pamielak.
Aingeru Epalza, Inma Errea, Toño Muro, Joxemari Sestorain eta Itziar Diez de Ulzurrunek osatzen dute aurtengo epaimahaia, eta lan guztiak aztertu ondotik, hilaren 24an emanen dute deliberoa. Partehartzaileei zuzenean emanen zaie berri, bai eta prentsa eta sareen bitartez publikatu ere.
Heldu den larunbatean, apirilak 8, jokatuko da 2017ko Nafarroako Bertsolari txapelketako finala, Iruñeko Anaitasuna polikiroldegian, 17:00etatik aurrera. Joandako asteburuan zehaztuta geratu ziren final horretan ariko diren bertsolarien izenak.
Hauek dira finalistak kanporaketetan lortutako puntuazioaren araberako ordenean:
Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, eta baita ondorengo salmenta puntuetan ere: Karrikiri denda (Iruñea), Fantxike denda (Elizondo), Okindegia (Lesaka), Maimur liburudenda (Leitza), Xapatero taberna (Etxarri Aranatz) eta Katxetas taberna (Lizarra). Ondorengo egunetan, finalari buruzko xehetasun eta informazio gehiago emango du Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Bitartean, eskuragai duzue txapelketako informazio eguneratua, www.bertsozale.eus atarian.
Larunbatera bitartean, giroa berotzen joateko, honako bideoa prestatu dute Nafarroako Bertsozale Elkarteko lagunek:
Bat, bi, hiru, lau… berrehun! Berrehungarren elkarrizketa grabatu dugu aste honetan Iruñeko Ondare Immaterialaren bilketa proiektuaren baitan. 2015. urtearekin bat hasi ginen Iruñeko auzo zaharretako lekukotasunak biltzen. Paulina Fernandez Mañuetako txurro-dendako nagusia izan zen lehena. Hiri zaharreko eta "harresiz kanpoko" auzoetako lekukotasunak biltzen jarraitzen dugu.
Saio bikoitzarekin hasiko da asteburu honetan 43. Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Larunbatean Tafallan jokatuko da lehen final-laurdena eta igandean bigarrena, Auritzen.
Larunbatean, 17:30ean hasita, Tafallako Kulturgunean sei bertsolarik hartuko dute parte: Julio Soto, Kotte Plaza, Iñigo Olaetxea, Iban Garro, Mikel Lasarte eta Sahats Aleman. Alaitz Rekondok egingo ditu aurkezle eta gai-jartzaile lanak. Tafallako Udalak lagundu du saioa antolatzen.
Asteburuko bigarren final-laurdena igandean izanen da, Auritzeko Kultur Etxean, 17:30ean. Xabier Terreros, Saioa Alkaiza, Alazne Untxalo, Patxi Castillo, Ioar Tainta eta Joana Ziganda igoko dira oholtzara. Iker Mundiñano izanen da aurkezle eta gai-jartzailea. Auritzeko Udalaren eta Erroibarko Bertso Eskolen laguntza izan du Nafarroako Bertsozale Elkarteak saioa antolatzeko.
Saio bakoitzeko lehen bi sailkatuak finalaurrekoetara pasako dira zuzenean. Gainerakoek, lehen fasea bukatu arte itxaron beharko dute, sailkapenaren arabera pasatzen diren edo ez jakiteko. 18 dira finalaurrekoetara sailkatuko diren bertsolariak, 30tik
Sei euroko salneurria dute bi saioetarako sarrera arruntek, lau eurokoa Bertsozale Elkarteko bazkideen eta 16 urtetik beherakoen kasuan. www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke sarrerak, eta baita Tafallako Kulturgunean eta Auritzeko euskara zerbitzuan ere. Saioen egunean, gainera, 16:00etan irekiko dira bi aretoetako leihatilak, eta han ere eskuratu ahal izanen dira sarrerak.
sotara, bost final-laurdenek, hiru finalaurrekok eta finalak osatuko dute inoizko parte hartzerik handiena duen txapelketa. Apirilaren 8an izango da finala, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Txapelketaren webgunean topa daiteke informazio oso eta eguneratua.
Iturria: bertsozale.eus
Nafarroaren Historia hizpide, 1512 eta 1982 urteen arteko “memoria bizia” esploratzera ekin diote izen-emandako 33 kideek. Asteartean eta asteazkenean, hurrenez hurren, euskarazko eta gaztelaniazko taldeen lehenbiziko saioa izan zen. Konkistaren ondorengo garaia abiapuntu hartuta, espainiako transizio garaieraino bidea eginen dute. Bidaia on!
UEUk “IkerGazte: Nazioarteko ikerketa euskaraz” kongresuaren bigarren edizioa aurkeztu du. Oraingo honetan Iruñean izango da, NUPekin elkarlanean, maiatzaren 10, 11 eta 12an.
2015ean egin zen lehenengo kongresua Durangon eta 200 ikertzailek parte hartu zuten; eta, beraz, "argi geratu zen horrelako foro bat behar zela" dio Iñaki Alegria UEUko zuzendariak. Hori ikusita, bi urterik behin antolatzea erabaki zuten. Izan ere, Alegriaren esanetan “UEUren helburu garrantzitsuenetako bat izan da bere hasieratik euskal komunitate zientifiko-intelektuala trinkotzea. Elkarren berri izatea ezinbestekoa da ezagutzak aurrera egin dezan, are gehiago gure kasuan, euskaraz lanean dihardugun ikertzaileak hain sakabanatuta egonda".
IkerGazteren helburuak ikertzaile euskaldunen ikusgarritasuna handitzea, ikertzaileen arteko harremanak sendotzea eta euskarazko zientzia produkzioa areagotzea dira Olatz Perez de Viñaspre IXA taldeko ikertzaile eta UEUkidearen esanetan; eta IkerGazte izatea zer den ere definitu du: "Ikerketa ibilbide gaztea adierazi nahi du, hau da, tesia bukatzen edo doktoratu ostean lanean ari diren ikertzaileei egiten die erreferentzia"
Hiru egunetan hitzaldi orokorrak, ahozko aurkezpenak, posterrak zein tailerrak izango dira NUPeko campusean. Ekarpenak bidaltzeko epea ere irekita dago. Otsailaren 28ra arte izango da horretarako aukera.
Hautatutako artikuluak ISBNa izango duen argitalpen digital batean agertuko dira eta Euskal Herriko hainbat argitaletxerekin lankidetzan bertsio hedatuak argitaratzeko aukera ere egongo da.
Iturria: unibertsitatea.net
Iturissa hiri erromatarraren aztarnak ikertzeko proiektuaren testuinguruan, arkeologo gazteak formatzeko akordioa sinatu dute Euskokulturrek eta Aranzadi Zientzia Elkarteak. Hitzarmen hau Euskokultur Fundazioaren Ikerketa eta Prestakuntzarako Eugenio Arraiza Programaren baitan kokatzen da, era askotariko lan zientifiko eta ekintza formatiboak bultzatzeko xedea duena.
2016ko uztailan, Otegiko parajean Aranzadi Zientzia Elkarteko 9 arkeologo gazte ibili ziren indusketa lanetan, MOLAko (Museum of London Archaeology) adituen laguntzaz. Lehen aldiz open arean indusi zen; orotara, 5,5x30m-ko eremua indusi zen, hiria erditik zeharkatzen duen galtzada erreferentziatzat hartuta.
Aurten proiektuak bere bidean dihardu eta jarduera mordoa aurreikusten da. Horien artean esanguratsuenak, Zaldua (Auritz) eta Artzibarreko indusketa arkeologikoak, hiru eta bi asteko kanpainak, hurrenez hurren.
Euskokultur Fundazioak eta Pamiela Argitaletxeak Mikro-Ipuin lehiaketaren X. edizioa aurkeztu dute, 100 hitzera arteko euskarazko idazlanak sarituko dituena.
Pamielako kide Pello Eltzaburuk lehiaketaren zioak agertu ditu, eta orain arte izan duen arrakasta tranpa txiki batean oinarritzen dela adierazi du, alegia, ikasleei 100 hitz baino gehiago idaztea debekatzen zaiela, ustez eta lan txikiagoa dutelakoan, baina ipuina horren tarte txikian sartzea benetako ahalegina eskatzen duela.
Aurtengo edizioan ohorezko gonbidatua Oier Sanjurjo izanen da, Osasuna taldeko jokalaria. Berak ere bere ekarpentxo literarioa eginen du, eta parte-hartzaile, irakasle eta gurasoekin batera ospatzen den sari banaketan parte hartuko du. Bestalde, antolatzaileek hainbat gonbidaturen etortzea eskertu dute. Bertan izan dira, besteak beste, Hezkuntza Saileko ordezkari Marian Antoñana, Euskarabideko Eduardo Aldasoro edo Iruñeko Udaleko Euskara Teknikari Iñaki Azkona, Fundazioko presidente Bixente Serranorekin batean.
Euskokultur Fundazioko Malen Eugik azaldu duenez, haur eta gazteen artean euskararekiko atxikimendua sustatu eta sormen literarioa bizkortzeko helburuarekin jaio zen Mikro-Ipuin lehiaketa, duela 10 urte, Pamiela Etxeak eta Euskara Kultur Elkargoak bultzaturik. Aurten lehenbizikoz Euskokultur Fundazioak eta Pamielak egin dute deialdia, helburu berdintsuekin Nafarroa Garaiko eta Iparraldeko ikasleei zuzendua.
Sei kategoriatan antolatuta dago lehiaketa, ikasketa-ereduaren eta zikloaren arabera; Nafarroa Garaiko (A zein D ereduko) lehen eta bigarren hezkuntzako eta Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Lapurdiko lehen eta bigarren mailako ikasle orok hartu dezake parte.
Kategoria bakoitzeko irabazleak eta ohorezko aipamena jasotzen duten egileek liburu sorta bana jasoko dute. Horrezaz gain, hautaturiko lanak mikro-liburu batean argitaratuko ditu Pamielak. Epaimahaia Aingeru Epalzak, Inma Erreak, Toño Murok eta Itziar Diez de Ulzurrunek osatuko dute.
Antolatzaileek abenduaren 16 arte jasoko dituzte lanak. Lehiaketaren arauak eta parte hartzeko argibide guztiak www.euskokultur.eus webgunean ikusgai daude.