Azkeneko berriak

 
 
  • Mikro-ipuin Lehiaketako sariak emateko ekitaldiak

    2019-04-11

    Apirilaren 10ean XII. Mikro-ipuin Lehiaketako sariak emateko lehen ekitaldia egin genuen Tuterako Argia Ikastolan, Fontellasko herrian, non aurten Nafarroa Oinez festa handia eginen duten. Han, bertako ikasle eta irakasleez gain, gainerako ikastetxeetako ikasle sariztatuak izan ziren (Alaitz BH Institutua, Ricardo Baroja Ikastetxe Publikoa, San Fermin ikastola eta Jaso ikastola). Horiekin batera, aurtengo gonbidatu Sustrai Colina bertsolari, kazetari eta kultur laguna. Bertan zen Hezkuntza Sailaren ordezkari Hasier Morras Aranoa jauna, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzu Zuzendaria.

    D ereduari zegokion ekitaldia, eta, ohi bezala, gidari Pamiela Etxeko kide Joxe Angel Irigaray aritu zen, Sustrai Colinaren laguntzaz. Banan banan sarituak aipatu eta txalo artean jaso zituzten oroigarriak eta liburu sortak, nork bere ipuina irakurri ondoren. Gero, Sustraik bere ipuina irakurri zuen, eta segituan pare bat bertso eder bota zuen, ipuin egileei adorea emateko eta euskaraz idaztearen eta jolastearen ederra goraipatzen zuela.

    Ekitaldia osatzeko, Argia ikastolako hainbat ikaslek olerki landu batzuk eskaini zituzten, eta gazteago batzuk, berriz, Nafarroa Oinez datorrela eta, dantza eta kanta alai eta goxoa aurkeztu zuten guztion aurrean. Giro ezin politagoan iragan zen ekitaldia. Bukatzeko, esker hitzak guztientzat izan ziren gure Fundazioaren eta Pamiela etxearen aldetik, epaimahaikideentzat egindako lan handiarengatik, Hezkuntza Sailarentzat ematen digun laguntzagatik, saritutakoak eta beren ahaideak gurekin elkartzeagatik, Argia ikastolari bere harrera goxoagatik, eta irakasle eta ikasle guztiei parte hartzeagatik.

    Bigarrena maiatzaren 2an Mutiloan ospatu genuen. A ereduko ikasleen sari banaketa egiteko Mutiloako San Pedro ikastetxeko ikasleekin izan ginen eta aurreko saioan bezala, Joxe Angel Irigarayk eta Sustrai Colinak banatu zituzten sariak. Bertako ikasleek prestatutako ekitaldiekin disfrutatu genuen.

    Azkenik, maiatzaren 21ean Donamartiriko (Nafarroa Beherea) Arberoa Ikastolara joan ginen eta han hirugarren ekitaldia egin. Aurrekoetan bezala, kanta, dantza eta Sustrairen bertsoak izan ziren ipuinekin batean bertako irakasleekin eta ikasle gaztetxoekin oso tarte ederra pasatzeko aitzakia, etxeko giroan.

    Mikro-ipuin Lehiaketaren edizio hau bukatzeko, urtero bezala sarituriko ipuinez osatzen dugun liburuttoa argitaratzea izanen da. Iruñeko Liburu Azokan aurkezteko asmoa dugu eta hara gonbidatuko ditugu idazle guztiak, hala nola lehiaketaren antolaketan lagun ditugun erakunde zein irakasle, epaimahaikide, fundazioko kide eta beste.

    *(Klikatu beheko argazkiak galeria osoa ikusteko)



  • XII. edizioko Mikro-ipuin lehiaketaren sarituak hautatuta

    2019-03-21

    Mikro-ipuin lehiaketaren hamabigarren edizioan saritutako idazlanen zerrenda hemen duzue. Fundazio honek eta Pamiela argitaletxeak antolatzen dugu sariketa, Nafarroako Hezkuntza Departamenduaren laguntzaz. Guztira 75 zentroko 1.635 ikaslek hartu dute parte.

    Aingeru Epaltzak, Inma Erreak, Ines Castiellak, Izaskun Etxeberriak, Fertxu Izquierdok eta Jon Abrilek osatu dute aurtengo epaimahaia, eta lan guztiak aztertu ondotik kategoria bakoitzeko irabazleak eta ohorezko aipamenak aukeratu dituzte.

    Epaimahaikideen esanetan, “baliabide linguistikoak mugatuak direnean ere (A ereduko ikasleen kasuan, esaterako), testuei ateratzen dieten zukua azpimarratzekoa da”. “Iparraldeko gaztetxoen idazkien goxotasuna eta hegoaldekoen punkitasuna nabarmendu dute, baita batzuek eta besteek oinarri hartutako erreferentzien ezberdintasunak ere”.

    Partaidetza nabarmentzeaz gain, epaimahaiak lanen kalitatea goraipatu du bere deliberoa: "aurtengo ipuinek kalitatean gora egin dute orohar eta zailago egin zaigu bazterrean zein idazlan utzi ere”. Aurten sail guztietan eman dituzte sariak epaimahaikideek.

     

     

    Saritutako ipuinak

     


    D ereduko Lehen Hezkuntza

     

    Ohorezko aipamenak:

     


    D ereduko Bigarren Hezkuntza

    • Lehen saria: “Pintza gorriak”. Irantzu Zozaia Morras. Jaso Ikastola (Iruñea).

     

    Ohorezko aipamenak:

    • Itxurak”. Ayax Redin Vega. Alaitz BHI (Barañain).
    • Txuletak”. Unax Sanchez Ulibarrena. Alaitz BHI (Barañain).
    • 3. kontsulta”. Jagoba Aranbarri. Argia Ikastola (Tutera).

     


    A ereduko Lehen Hezkuntza

     

    Ohorezko aipamenak:

    • Nire astelehena”. Iker Ruiz Moreno. CPIP “Santa Vicenta Maria” (Cascante).
    • Neska eta ipuina”. Pía Latrónico Balbuena. San Pedro ikastetxea (Mutiloa).
    • Liburu magikoa”. Marina Gurpegui Lapuerta. Virgen de la Cerca (Andosilla).

     


    A ereduko Bigarren Hezkuntza

    • Lehen saria: “Aitatxi ez dago”. Irene Alexandra Males Pinto. Lekaroz BHI (Lekaroz).

     

    Ohorezko aipamenak:

     


    Iparraldeko Lehen Maila

    • Lehen saria: “Mattin biper jalea”. Johane Oihenart Etxart. Arberoa ikastola (Donamartiri).

     

    Ohorezko aipamenak:

     


    Iparraldeko Bigarren Maila

     

    Ohorezko aipamenak:


     

     

    Sari-banaketa ekitaldiak eta liburuaren aurkezpena

     

    Saritutako egile bakoitzak diploma bat eta Pamiela argitaletxearen liburu sorta bana jasoko du, apirilean zehar ikastetxe ezberdinetan eginen diren ekitaldietan. Ekitaldiotan Sustrai Colina bertsolari eta idazleak hartuko du parte, aurtengo edizioko artista gonbidatu moduan. Horrezaz gain, egile hauen guztien ipuinak biltzen dituen liburuxka argitaratuko du Pamielak. Ikastetxeetan baliabide didaktiko moduan erabiltzeko moduko argitalpena da, eta ekainean aurkeztuko da, Iruñeko Liburu Azokan.

     

     



  • Nafarroako txapelketako azken finalaurrekoa

    2019-03-07

    Azken txanpan sartu da 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Tuteran otsailaren 9an abiatu zen bidea laster iritsiko da bere azken helmugara, martxoaren 23ko Iruñeko finalera. Bide horrek, ordea, azken bi geltokiak izango ditu datorren asteburuan, Etxarri Aranatzen eta Lesakan jokatuko diren bigarren eta hirugarren (eta azken) finalaurrekoetan. Igandeko saioa bukatzearekin batera zehaztuko da Anaitasunako finalean arituko diren zortzi bertsolarien zerrenda.

    Larunbatean, martxoak 9an, Etxarri Aranatzen jokatuko da bigarren finalaurrekoa, eta ondoko sei bertsolari hauek ariko dira finalerako txartel bila: Julio Soto, Xabier Terreros, Julen Zelaieta, Diego Riaño, Iker Gorosterrazu eta Iban Garro. Alaitz Rekondo ariko da gai-jartzaile lanetan. 17:30ean hasiko da saioa, Etxarri Aranazko Kultur Etxean. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Etxarri Aranazko Udalaren laguntzarekin antolatu du saioa.

    Igandean, martxoak 10, Lesakan jokatuko da hirugarren eta azken finalaurrekoa. Sei bertsolari izango dira taula gainean, finalerako sailkapena helburu: Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Xabat Illarregi, Alazne Untxalo, Saioa Alkaiza eta Eneko Fernandez. Gai-jartzaile zereginetan Fernando Anbustegi ariko da. 17:30etan hasiko da saioa, Lesakako Harriondoa Kultur Etxean. Nafarroako Bertsozale Elkarteak Lesakako Udalaren laguntza jaso du saioa antolatzeko orduan.

    Joseba Beltza, Nerea Bruño, Mikel Beaumont eta Jon Abril dira finalaurrekoetako faseko epaileak. Haiena izango da bertsolarien lana puntuatzeko ardura. Bi saioetako irabazleek zuzenean eskuratuko dute finalean kantatzeko txartela; gainerakoek finalaurreko guztietan zer pasa itxaron beharko dute, puntuazioaren arabera sailkatzen diren ala ez jakiteko. 18 bertsolari ari dira finalaurrekoetan, eta 8rentzako tokia izango da finalean. Martxoaren 23an jokatuko da finala, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.

     

    Iturria: www.bertsozale.eus



  • Matrikula zabalik 'NAFARROAREN HISTORIA. MEMORIA BIZIA (1512-1982)' ikastaroan.

    2019-01-15

    Euskokultur Fundazioak eta Udako Euskal Unibertsitateak elkarlanean antolatuta, 1512. urtetik XX. mende hondarrera arteko ibilbidea aztertuko dute 12 saioko ikastaro batean.

    Antolatzaileek hamabi hitzaldi prestatu dituzte, 500 urteko historia gizarteratzeko asmoz: konkistaren ondotik sorturiko testuinguru, bizimodu, pentsamendu eta arrazoibideen segida; Nafarroaren biziraupena, haren nortasuna foruen inguruan zainduta; politikari, intelektual zein herritar xehe aunitzek eginiko ekarpena, koiuntura bakoitzean eta ibilbide osoan zehar. Argilunez beteriko ibilbidea, nolanahi ere.

    Saioak Arrotxapea auzoko Euskokultur Mintegian eginen dira, astero-astero, otsailaren 20tik maiatzaren 16ra. Asteazkenetan euskaraz eta ostegunetan gaztelaniaz, biak ala biak 19:30etik 21:00etara. Hurrenez hurren, Amaia Álvarez eta Aitor Pescador historialariak izanen dira bi taldeon gidari.

    Izen emateko epea otsailaren 15 arte zabalik da, taldearen arabera matrikulak 50-60 euroko prezioa du eta plazak mugatuak dira. Xehetasun guztiak eta izen emateko argibideak ikastaroen atalean aurkitu ahal dira.



  • Abian da 2018ko mikro-ipuin Lehiaketa

    2018-10-01

    2018ko kartela, Maite Mutuberriak egina.

    Euskokultur Fundazioak eta Pamiela Argitaletxeak Mikro-ipuin lehiaketaren edizio berria aurkeztu dute, 100 hitzera arteko euskarazko idazlanak sarituko dituena.

    Sustrai Colina bertsolaria izanen da aurtengo ediziorako gonbidatua. Berak ere bere ekarpentxo literarioa eginen du, mikro-ipuina idatziz, eta parte-hartzaile, irakasle eta gurasoekin batera eginen ditugun sari banaketetan parte hartuko du. Bestetik, Maite Mutuberria ilustratzaileak egin du hamabigarren lehiaketa iragartzeko irudia.

    Hezkuntza Departamentuaren bitartez Nafarroako Gobernuaren babesa jaso du lehiaketak, eta sei kategoriatan antolatuta dago, ikasketa-ereduaren eta zikloaren arabera; Nafarroa Garaiko (A-B zein D ereduko) lehen eta bigarren hezkuntzako eta Baxe Nafarroa, Zuberoa eta Lapurdiko lehen eta bigarren mailako ikasle orok har dezake parte.

    Epaimahaia Aingeru Epaltza, Inma Errea, Itziar Diez de Ultzurrun, Jon Abril eta Fertxu Izquierdok osatuko dute aurtengoan ere. Kategoria bakoitzeko irabazleak eta ohorezko aipamena jasotzen duten egileek liburu sorta bana jasoko dute. Horretaz gain, hautaturiko lanak mikro-liburu batean argitaratuko ditu Pamielak.

    Abenduaren 21ra arte zabalik dago lanak bidaltzeko epea. Lehiaketaren arauak eta parte hartzeko argibide guztiak, mikroipuin lehiaketaren atalean



  • Izen-ematea zabalik udazkeneko Historia ikastaroetan.

    2018-06-21

    Udaberriko ikastaroak bukatu berri, hurrengo ikasturtekoak prest ditugu dagoeneko. Udaren bueltan, Nafarroa Estatu subiraua zeneko garaia aztertuko dugu, Orreagako gatazkatik eta 1512ko konkistara arte. Irailaren 25an abiatuko da ikastaroa, 12 saio eginen direlarik abenduaren 18a bitarte.

    Euskarazko saioak astearteetan izanen dira, Bixente Serranoren eskutik. UEUrekin (Udako Euskal Unibertsitatea) elkarlanean antolatutako ikastaroa da hau. Gaztelaniazkoak berriz asteazkenetan, Aitor Pescadorrek gidatuta. Bi taldeen ordutegia berdina da, 19:30etik 21:00etara.

    Saioz saio, “urte ilunak” deiturikoak (778-900) landuko dira, halanola Iruñeko Erreinuaren lehen zabalpena (905-1000) eta Antso III. Nagusiaren eta bere oinordekoen gorabeherak. Segidan, Iruñeko Erreinutik Nafarroako Erreinurako eginiko bidea (1076-1194) aztertuko da, XV. mendeko asaldadura arte. Abendura helduta, Nafar Estatuak Europarekin izandako harremana eta Nafarroaren konkista jorratuko da.

    Euskaraz, matrikularen prezioa 50 euro da eta gazteleraz 60 euro eta plazak mugatuak dira. Informazio gehiago eta izen-ematea, ikastaroen atalean.



  • Mikro-ipuinen liburua argitara emana

    2018-06-19

    Joan den hil honen 2an, Iruñeko Liburu Azokaren gerizpean, 2017-2018 ikasturtean garatu den mikro-ipuin lehiaketako ipuin sarituak biltzen dituen liburu ttikia aurkeztu genuen. Pamiela Etxeak eta Euskokultur Fundazioak argitara eman dugu, eta ohi bezala, gure webgune honetan jarria dago guztion eskura, irakurtzeko, jaisteko edo inprimatzeko.

    Aurkezpenean falta izan ziren egileetarik batzuk, baina epaimahaikiderik eta antolatzaileon ordezkaririk izan zen, guztien ipuinak irakurri genituen jende aurrean eta hori eginik edizioari agur esan genion.

    Hemen duzue 2017-2018ko Mikro-ipuinen liburuxka (pdf).



  • Mikro-ipuin lehiaketa: sari-banaketa ekitaldiak

    2018-05-25

    Apiril amaieran eta maiatzean Mikro-ipuin lehiaketako sariak banatzeko ekitaldiak egin genituen, Iruñeko Calasanz ikastetxean A ereduari dagokiona, Lekarozko institutuan D ereduari dagokiona eta Ortzaizeko ikastolan Iparraldeko ikasleendakoa.

    Zein bere ingurunean, Calasanz-Eskolapios ikastetxekoa jendetsuena suertatu zen. Ederki apaindu zuten areto nagusia eta harrera ezin hobea izan zuten bai saria jaso behar zuten ikasleek eta bai aurtengo gonbidatu Zuriñe Hidalgo Hesian taldeko kantari eta telebistako aurkezleak, haren bi kantarekin koreografiak oparitu baitzizkioten ikasleek.

    Pamiela Argitaletxeko Jose Angel Irigaraik eta Zuriñek gidatu zuten zeremonia. Mendavia, Iruñea eta Valtierrako hainbat ikasle, guraso eta irakasle bertaratu ziren, eta Hezkuntza Departamentuko ordezkatzeko Marian Antoñana.

    Lekarozen eraikin serio eta handia bisitatu genuen, eta Joxeanjel Irigaraik Baztan aldeko jakingarriak azaltzeko aukera izan zuen, han bildutako ikasleek Artzek egin lurralde eder horren aipamen poetikoari arrapostua emanez. Beste lurralde argitsu batetik aldetik heldu ziren Argia ikastolakoak, eta Ituren eta Altsasukoekin aldi goxoa pasa genuen. Gurekin Hasier Morras izan zen, Hezkuntza Departamentukoa, eta Ikastolen Elkarteko Josu Reparaz ere, gure lehiaketari babesa eman ohi diotenak.

    Ortzaizeko ikastolan hango haurrekin bat egin genuen giro goxo eta alaian, kantari jardun zuten ikasle txikiak. Ez genuen han hainbeste bisitaririk izan, etxean bezala egon ginen eta kafea eman ziguten. Baxenafarroako txoko eder eta lasai hartan geratuko ginen gustu handiz, paraje horietan egunero sortzen baita ipuin bat edo beste...

    Baina gu sariak ematera joanak ginen batera zein bestera, eta idazle ttikiek beren liburu sortak eta diplomak eta oroigarriak jaso zituzten, bertan zirenek nork bere ipuina guztiontzat irakurri eta gero, noski. Zuriñek ere bere alea eskaini zigun Iruñean eta Lekarozen.

    Hiru sari emate ekitaldiak eginda, hurrengo urratsa saridun ipuinak bildu eta liburu batean argitaratzea da; Pamiela argitaletxea arduratzen da eta Iruñeko Gazteluko plazan egiten den liburu azokan, ekainaren hasieran, aurkeztuko dugu. Denak gonbidatzen ditugu hara: saria izandakoak, epaimahaikideak, antolatzaileak, gurasoak eta lagunak, irakasleak eta erakundeak ere. Liburu txikia da, baina sormen handia dago 100 hitz baino laburrago diren literatur lan xume horien bilduman.

    Hemen daude 2017ko edizio honetan saritutakoak, eta hemen liburua, nahi bezala goza dezazuen.



  • UEUk eta Nafarroako Hezkuntza Departamenduak antolatutako doako ikastaroak, abian

    2018-04-09

    UEUk eta Nafarroako Hezkuntza Departamenduak 2018. urterako sinatutako elkarlanaren ildotik, 14 ikastaro eskainiko dituzte urtean zehar, Iruñean. Doakoak izanen dira eta udaberriko ikastaroetan izena emateko epea zabalik dago jadanik.

     

     

    UDABERRIAN

     

    UDAKO IKASTAROAK

    UEUren 46. Udako Ikastaroen barne hiru ikastaro hauek emango dira:

    Edozein gisaz, Nafarroako Hezkuntza Departamenduarekin elkarlanean antolatuakoez gain, Udako Ikastaro gehiago ere eskainiko dituzte Iruñean. Hemen dituzue kontsultagai.

     

    UDAZKENEAN

     

    OHARRA: Izen-ematea publiko zabalari irekia dago baina Nafarroako Hezkuntza Graduko ikasleek izango dute lehentasuna.

     

    Eskuratu hemen ikastaroen eskuorria(pdf): UEU eta Hezkuntza Departamenduaren ikastaroak 2018

     

    Informazio gehiagorako:

    Edurne Koch

    UEUko Nafarroako teknikaria

    +34 948 36 25 63

    nafarroa@ueu.eus

     

    Iturria: unibertsitatea.net



  • 24 saridun 2017ko mikro-ipuin lehiaketan

    2018-03-22

    Mikro-ipuin lehiaketaren hamaikagarren edizioan saritutako idazlanen zerrenda hemen duzue. Fundazio honek eta Pamiela argitaletxeak antolatzen dugu sariketa, Nafarroako Hezkuntza Departamenduaren laguntzaz. Guztira 64 zentroko 1.056 ikaslek hartu dute parte.

    Aingeru Epaltzak, Inma Erreak, Itziar Diez Ultzurrunek, Fertxu Izquierdok eta Jon Abrilek osatu dute aurtengo epaimahaia, eta lan guztiak aztertu ondotik kategoria bakoitzeko irabazleak eta ohorezko aipamenak aukeratu dituzte.

    Epaimahaikideen esanetan, "urtez urte gazteek darabiltzaten gaiak gaurkotasunezkoak dira. Ikusgarria da adin horietako neska-mutilek nola gai sakonak, potoloak gogoan hartzen dituzten eta zein abileziaz tratatzen dituzten, batzuetan intentzio osoz, besteetan agian inozentzia apur batez. Bestalde, hautatu ditugun lanak ezaugarri bereziren batengatik aukeratu ditugu, baina badira beste mikro-ipuin asko beren balioa erakusten dutenak".

    Partaidetza nabarmentzeaz gain, epaimahaiak lanen kalitatea goraipatu du bere deliberoan: “Kalitateak gora egin du orohar, eta batez ere nabarmentzekoa da A ereduko ikasleen lanen kalitatea, hizkuntzan aurrerapen miresgarria egiten ari baitira eredu horretakoak. Kontutan hartuta, jakina, beharbada ez direla mintzatzeko eta euskara erabiltzeko ingurune aproposenean bizi. Ikasleek aukeratzen dituzten gaien aldetik, nabari da Iparraldeko eta Nafarroa Garaiko giro soziala zein ahozko tradizioa egoera desberdinetan daudela, eta emaitzak ere heterogeneoak direla, baina horrek kolore gehiago ematen dio gure lehiaketari". Aurten sail guztietan eman dituzte sariak epaimahaikideek.

     

    Saritutako ipuinak

     


    D ereduko Lehen Hezkuntza:
    "Hitz gutxirekin, norberaren izan nahiaren argazki paregabea egin du. Gaurkotasuna duen gai bati heldu dio gazteak, sentiberatasuna erakutsiz."

    D ereduko Bigarren Hezkuntza:
    • Lehen saria: “Oroimena”. Xabier Lopez Zabaleta. Lekaroz DBHI (Lekaroz). DBH 3.
    "Indar izugarria duen ipuina da, gai latza egokiro jorraturikoa, dramatikotasunez baina era neurtuan aurkeztua."

    A ereduko Lehen Hezkuntza:
    "Jolas beteko ipuintxoa, umorea erabiliz hizkuntz jolasa egin du elkarrizketa batean."
    • Ohorezko aipamenak:
      • “Arkatza”. Noa Garcia. Felix Zapatero eskola (Valtierra). 6. maila.
      • “Eroski”. Nerea Erviti. Felix Zapatero eskola (Valtierra). 6. maila.
      • “Hau negua!”. Aimar Legaz Lezaun. Calasanz-Escolapios ikastetxea (Iruñea). 5. maila.
     

    A ereduko Bigarren Hezkuntza:
    "Irakurlearengan ezinegona sortarazten du, misterio giroko egoera horretan sartuaz. Amaieran zirkularitatea ederki adierazten du."

    Iparraldeko Lehen Maila:
    "Eguneroko gai arrunt batean oinarri hartuta, kontakizun biribilean elementu ezagunak sartu ditu, datu eta izaki aski ezagunak, baina zirkularitatea da ipuinaren funtsa, istorioa berriz gertatuko ote den."

    Iparraldeko Bigarren Maila:
     

    Sari-banaketa ekitaldiak eta liburuaren aurkezpena

    Saritutako egile bakoitzak diploma bat eta Pamiela argitaletxearen liburu sorta bana jasoko du, apirilean zehar ikastetxe ezberdinetan eginen diren ekitaldietan. Ekitaldiotan abeslari eta telebistako aurkezle Zuriñe Hidalgok hartuko du parte, aurtengo edizioko artista gonbidatu moduan. Horrezaz gain, egile hauen guztien ipuinak biltzen dituen liburuxka argitaratuko du Pamielak. Ikastetxeetan baliabide didaktiko moduan erabiltzeko moduko argitalpena da, eta ekainean aurkeztuko da, Iruñeko Liburu Azokan.



  • Hasta la vista Iberdrola, agur t’erdi Goiener

    2018-03-15

    Goiener Kooperatibako bazkide egin da Euskokultur, eta hemendik aitzina, fundazioaren mintegi eta bulegoetan %100 iturri berriztagarrietatik heldu den argindarra kontsumituko dugu.

    Zergatik? Bada irizpide ekologikoengatik, jakina. Baina ez soilik planetari, Antartiari edota erregai fosilen mundu mailako estualdiari begirako irizpide ekologikoengatik, baizik eta, gainera, gure herriarekiko begirunez ere: bertan bertakoa kontsumitu nahi dugulako, inguruko ekonomia hauspotuz, kalitatezko lanpostuak sortuz eta harreman komertzialetan euskararen erabilera bultzatuz.

    Herri kooperatiba da GOIENER, irabazi asmorik gabekoa. Eredu energetikoa aldatzearen alde dihardu, eta bazkideei %100 berriztagarria den elektrizitatea saltzen die. Elkarte honek 2012an ekin zion bere bideari, Goierriko Garapen Agentziaren laguntzarekin. Gaur egun, 20 langilek eta 8.000 bazkidek osatzen dute. Artean, hainbat elkarte, norbanako eta erakundek, halanola Berako, Leitzako eta Berriobeitiko Udalak, edota Sakanako Mankomunitatea eta Albaola Itsas Faktoria.

     

    Beraz, betiko energia-hornitzaileari agur esanez eta Goienerri gure etxeko atea irekiz, burujabetza ekonomiko eta energetikoaren alde gure apurtxoa jarri nahi izan dugu. A! Eta egin kontu: urtean, batazbeste, 700 euro aurreztuko dugu; gainera, hemendik aurrera euskaraz izanen da gure zerbitzu-emailearekiko komunikazioa. Soilik horregatik balitz ere, ez da abantzamendu makala.

    Zu ere aurrerapausoa egitekoa bazara, jar zaitez haiekin harremanean eta duzun duda oro azaldu. Ez zaizu damutuko!



  • Udaberriko Pilulak zikloa hasiko da Karrikiri Elkartearen eskutik

    2018-03-07

    Feminismoa bidelagun, hiztun komunitatea indarberritzen izenburuarekin dator Karrikiri elkarteak antolatutako Udaberriko pilulak zikloa, astelehenero, martxoaren 12tik 26ra.

     

    Egitaraua:

    • Martxoaren 12an, 19:00etan, “Euskalgintza eta Feminismoa: bidaikidetza oparo posible bat” hitzaldia Lorea Agirre eta Idurre Eskisabelekin.

    • Martxoaren 19an, 19:00etan, “Ba al dago hizkuntza neutrorik? Euskara generoz ere mintzo da” hitzaldia Jone Miren Hernandez eta Jaime Altunarekin

    • Martxoren 26an, 18:00etan, “Iruñea: emakumeen hiria” ibilbidea Iruñeko Alde Zaharra barna Ana Diez de Urerekin.

     

    Iturria: karrikiri.eus

     

     



  • Wikipedia: ez dok 300.000 (artikulu), baina...

    2018-02-19

    2008an, Wikipediak bi milioi eta erdi artikulu baino gehiago zuen Ingelesezko bertsioan, munduko paperezko entziklopedia guztiek bildurikoa baino gehiago. Zortzi urte lehenago, egitasmo erraldoiari ekin ziotenean -unibertsoaren liburutegia- inork ez zekien noraino iritsiko zen, eta gainera hasierako zalantzak asko izan ziren, sakonena, hain zuzen, "mundu erreala" bere horretan jaso behar zukeen (haren zabalera guztian, errepideen inbentarioa barne...) ala mundu irrealak ere, immaterialak (Pokemon, lamiak, Olentzero...), aintzat hartu behar zirenetz.

    Baina wikipediak bizirik daude, aldakorrak dira, etengabeko bilakaeran hedatzen dira, egileek hala osatzen eta handitzen dituztelako. Ezein hizkuntza delarik ere, wikipediak ez du edukietan mugarik aurkitu -liburu guztien unibertsoa-. Horiek horrela, wikipedia kultur bizitzaren isla dela aurki genezake; boluntarioek eraikitzen dutenez, haiek berek bizitzen dituzten kultur gai eta nahikundeek osatzen dute. Ez datu edo jakingarri huts eta hotz, baizik eta gogo-bihotzetan bizirik dauden asmo eta memoria. Encyclopaedia Britannicak ez zuen inoiz hain orohartzaile izaterik amestu.

    Bestalde, hasmentan "entziklopedia digital erraldoia" egiteko inoren bermea (zientifikoa, egiaztapena, akademikotasuna...) behar zela bazirudien ere, baliagarria izango bazen behintzat, 18 urteko ibilbidean Kulturaren errespetua lortu du, hain zuzen ere kulturek ere haren errespetua eduki izan dutelako, hizkuntzak eta kulturak bere baitan hartu baititu.

    Gureari dagokionez, herri, kultur, hizkuntza txiki izanagatik ere, toki zabala dugu sarean, Wikipedian (288.000 artikulu), eta esan genezake toki hori zabaltzen ari dela egunez egun, wikilarien lanari esker. Egunerokoa dugu Wikipedia. Gaur egun inor gutxi izanen da bazterretan Wikipedian bisita edo sar-atera behintzat egin ez duena. Honetaz eta bestez mintzatu da Xabier Cañas Zeberri aldizkarian, Euskal Wikilarien Kultura Elkarteko idazkaria.

    Hazi eta hazi ari da euskal wikipedia, eta aurten hilez hil sariketak antolatuak dituzte, boluntarioak gehi daitezen animatzeko-eta. Bertan ikus dezakezu zertan diren sariketak. Otsailekoa ezin aipatu gabe utzi, Euskal Kulturan mugarri eta kasik ardatz ere bihurtu zen Ez dok hamairu iturri zahar, musika, olerki eta besteren erakusgarri historikoaren ur berria.



Bilaketa:

Webgunean cookieak darabiltzagu, gureak edo besterenak, erabilgarritasuna hobetzeko. Gunean jarraitzekotan, ulertzen dugu onartzen dituzula.  Ados  Informazio gehiago