Ikasturte berria ondo hasteko, abiaraziko ditugun 3 ikastarotako bat egitea proposatzen dizuegu (edo hirurak).
Lehenen, berritu eta hobeto dugun ikastaro klasiko bat, "Nafarroako Erresumaren Historia. Europako Erresuma bat (778-1512)" dugu. Orreagako gatazkatik eta 1512ko konkistara arte, Nafar Estatuaren sorrera eta Europarekin izandako harremana 12 saioz jorratuko dugu, Irailaren 26tik abenduaren 19ra arte (ostegunak).
Bigarren, urte hasieran estreinatu genuen "Nafarroa. Historiaren istorioak I" dugu, historian zehar nafar-identitatearendako izan diren mitoak eta mugarriak ikusiko ditugu, irailaren 25etik abenduaren 18ra arte (asteazkenak).
Eta bukatzeko, ikastaro berria, "Nafarroa. Historiaren istorioak II". Aurrekoaren jarraipena non gehiago sakonduko gara lehen aipatutako mito eta mugarrietan. Ikastaro hau irailaren 26tik abenduaren 19ra iraungo du (ostegunak).
Zabalik dago Euskokultur Fundazioaren udaberriko ikastaroetan izena emateko epea.
Aurten "Nafarroa. Historiaren istorioak" ikastaroa jarriko dugu martxan, non Nafarroako historiaren mitoak errepasatu eta haien atzean zer dagoen eta nola erabili izan diren batzuetan biztanleriaren irudimen kolektiboa moldatzeko. Aitor Pescadorren eskutik, 12 saio izango dira otsailaren 15etik maiatzaren 9ra (ostegunak) 19:30ean hasita.
"Nafarroaren Historia. Memoria bizia (1512-1982)" ikastaroari ere ekingo diogu, konkistaren amaieratik joan den mendearen amaierara arte, ia 500 urteko historia biltzen duten 12 hitzaldiekin. Nafarroako historiaren ibilbidea funtsean aldatu zuen konkista baten ondoren sortu ziren testuinguru, bizimodu, pentsamendu eta diskurtsoak ikusiko ditugu. Ikastaroa otsailaren 14an hasiko da maiatzaren 8ra arte (asteazkena) eta 19:30etik 21:00etara izango da.
Euskokultur Fundaziotik, Eguberri zoriontsuak eta 2024 ona opa dizuegu.
Udatik bueltan, gure udazkeneko ikastaroetan izena emateko epea ireki dugu. Hauxe dira ikastaroak:
- Nafar Estatuaren Historia (VIII-XVI mendeak)
Orreagako gatazkatik eta 1512ko konkistara arte, Nafarroaren Historia subiraua ardatz hartuko du Euskokultur Fundazioak eta Udako Euskal Unibertsitateak elkarlanean antolaturiko ikastaroak.
Saioz saio, “urte ilunak” deiturikoak (778-900) landuko dira, hala nola Iruñeko Erreinuaren lehen zabalpena (905-1000) eta Antso III. Nagusiaren eta bere oinordekoen gorabeherak. Segidan, Iruñeko Erreinutik Nafarroako Erreinurako eginiko bidea (1076-1194) aztertuko da, XV. mendeko asaldadura arte. Abendura helduta, Nafar Estatuak Europarekin izandako harremana eta Nafarroaren konkista jorratuko da.
12 saio asteazkenetan eta Aitor Pescadorrek gidatuta, 19:30etik 21:00etara. Ikastaroak irailaren 20an hasiko da abenduaren 20a bitarte.
- Nafarroako Erreginak. Botere Politikoa eta Erresumako Emakumeak
Nafarroako Erresuma estatu independente iraun zuen bitartean, emakumeek garrantzi handia izan zuten erregetzan, batzuetan erregeen maila berean, erreginak izan zirenetan, bestetan bigarren maila batean, esate baterako erresumen arteko harremanak ezkontza bitartez moldatzen baziren.
Hamabi saioko ikastaro honetan ezagunak diren erreginak agertuko dira, baina beste emakume asko ere bai, ezagunak ez direnak edo beren boterea itzaletik baliatu zutenak, baina denak ere historian beren arrastoa utzi dutenak, eta areago, Nafarroako erresumaren norabidean erabakimena izan zutenak.
Hau ere 12 saio izanen dira, ostegunetan, Aitor Pescadorrek gidatuta 19:30etik 21:00etara. Ikastaroak irailaren 21ean hasiko da abenduaren 21era bitarte.
*Zoritxarrez, aurtengo ikastaroak gaztelaniaz bakarrik eskaintzen ditugu.
Matrikularen prezioa 80 euro da eta izena eman dezakezue hemen (plazak mugatuak dira).
2023a heldu da eta honekin batera gure ikastaroen jarraipena.
Alde batetik, gure historia ikastaroaren jarraipena dugu, Nafarroaren Historia, Memoria Bizia eta bertan 1521 eta 1982 urteen arteko Nafarroako historiaren errepasoa egingo dugu. Amaia Álvarezek euskaraz eta Aitor Pescadorrek gaztelaniaz emanda, ikastaroak otsailaren 6an bata eta 8an bestea hasiko dira. Esteka honetan aurkituko duzue informazio guztia eta baita izena emateko formularioa ere.
Bestetik, Nafarroako Gazteluak ikastaroa dugu, non hauek erreinuaren historian zehar izan duten garrantzian sakonduko dugun, ez arlo militarrean bakarrik, baita arlo zibilean ere. Aitor Pescadorren eskutik (oraingoz gaztelaniaz bakarrik) ikastaroa otsailaren 9an hasiko da. Esteka honetan beharrezko informazioa eta izena emateko formularioa aurki ditzakezu.
Anima zaitezte!
Ohi bezala, udazken honetan ere gure historia hobeki ezagutzeko ikastaroak antolatzeari ekin diogu. Pandemiak ez zigun galarazi aldez edo moldez ikastaroak egitea, eta datorren ikasturtean jadanik normaltasun osoan egin ahal izatea espero dugu.
Zoritxarrez, oraingoan ez dugu eskarazko ikastarorik eskaintzerik. Gaztelaniazkoetan, ohi bezala Aitor Pescadorrekin kontatzen dugu beti, bai eta udan ere! Ikastaroen aurkezpen gisako bideo laburrak egiteko proposamena egin genion, eta hemen dituzue lehenengo ikastarokoak. Balio dezatela sarreratako, eta ikastaroetara etortzeko gonbidapen moduan ikus itzazue.
Txandakatuta egiten direnez, alegia, bata Nafarroaren Estatua sorreratik eta konkistara arte, eta bestea konkista ondorengo Nafarroa transtsiziora arte, udazkenari dagokiona bi horietako lehena da: “Nafar Estatuaren Historia VIII.-XVI. Mendeak”.
Aldi berean, baina, iaz arrakastatsu izan zen beste hau: “Nafarroako Erreginak. Botere Politikoa eta Erresumako Emakumeak”.
Informazioa eta matrikula egiteko modua, beti bezala, Ikastaroen atalean dituzu, hala nola gaiei dagozkien bideoak ikusteko aukera ere.
Nafarroako konkista gertatu zen bostehungarren urteurrenetik hona egin bezala, hau da, 2012tik aitzina, aurten ere gure Fundazioak historia ikastaroak antolatu ditu. Urteko bi sasoitan egiten dugunez, Nafarroako Estatuaren historia bi alditan erakusten dugu: Nafarroako estatu gisa sortu eta konkistatua izan artekoa, batetik, eta konkista eta geroko garaiak, joan den mendera arte. Hortik aitzina, historia baino, politika kontuak daude tartean...
Bigarren zati hau da oraingo ikastaroetako batean tratatua izanen dena.
Zer esanik ez, Fundazioaren xede geure kulturaren eta historiaren ezagutza eta dibulgazioa ditugularik, geuretik abiatzen gara eta Nafarroa euskaldunok eraturiko erakunde politiko eta estatutzat jo behar dugu nahitanahiez.
Bide horretan, konkista gauzatu bitartean inguruan zituen etsaien aurrean Nafarroaren izaera bera defendatu behar izan zuten nafarrek, eta horretarako gaztelu sare zabal bat eraiki zuten beren lurraldeetan. Gaztelak suntsiaraziko zituen gaztelu haiek ezagutzea eta zuten garrantziaren handia ikastea da aurkezten dugun ikastaro berriaren gaia. Aitor Pescador irakaslearen eskutik jorratuko dugu aurten historiaren beste alor hau.
Hortaz, gure webgune honetan ikusten ahal duzuen bezala, udaberri honetarako bi ikastaro deitzen ditugu: bata, "Nafarroaren Historia. Memoria bizia (1512-1982)" aurrekoetan ere egindakoa, eta bestea, lehen aldiz eginen duguna, “Nafarroako gazteluak. Erresuma baten ezaugarri” izenekoa.
Aipaturiko lehena Euskaraz (Amaia Alvarez) eta Gaztelaniaz (Aitor Pescador) eginen bada ere, gazteluen ingurukoa Gaztelaniaz baizik ez da emanen.
Jardueren atalean aurkituko duzue ikastaroen edukiei buruzko informazioa eta ikastaroetan izen emateko beharrezko dena. Urte hauek mendeurren urteak dira; gure historia gero eta gehiago ezagutzeko parada izan daitezela.
Joan den astean, Euskarabideak haurrentzako webgunea aurkeztu zuen, Mattin eta Kattalin, non Fundazioak parte hartu duen besteren artean:
mattinetakattalin.eus bideo laburrez osatutako webgune bat da, haurrei ahozko ondare immateriala modu erakargarrian transmititzea helburu duena. Horretarako, 8-10 minutuko iraupena duten bost bideo sortu dira eta hauetan bi pertsonaiek parte hartzen dute: Mattinek eta Kattalinek. Zenbait pasarte antzezten dituzte, oso modu dibertigarri eta entretenigarrian, tartean kantak, esaera zaharrak, ipuinak, zotz egitekoak, asmakizunak… sartuz. Hauek guztiak mediatekako testigantzetatik hartutakoak dira, ondaretik jaso eta XXI. mendera ekarriak.
Webgunea etxeko txikienei zuzendua denez, plataforma oso intuitiboa, bisuala eta haiek bakarrik erabiltzeko modukoa da. Guraso edo helduei zuzendutako atal bat ere badu, eta bertan mediatekako jatorrizko bideoetara lotura zuzena egiten da. Horrez gain, pieza hauen letrak ikusi eta deskargatzen ahal dira, erraz ikasteko.
Proiektu honetan Euskokultur fundazioak, Iametzak eta Katubik parte hartu dute.
Prentsa oharra hemen irakurri daiteke.
Pamiela Argitaletxeak eta Euskokultur Fundazioak pozarren dei egiten dizuegu euskal irakasle eta ikasleoi gure lehiaketan beste aldi batez parte har dezazuen. Aurreko edizioko lanak amaitzeko zailtasunak eta zalantzak eduki izanik ere, ezin izan baikenituen sariak banatzeko ekitaldiak egin, ikasurteko bigarren txanpa honetan ikasgeletan beta har dezazuen nahi genuke, beti bezala, gehienez 100 hitz izanen dituzten idazlanak egin eta guri helarazteko.
Ageri denez, aurten epeak aldatu behar izan ditugu; urtea nola hasi, eta bide onetik jarraituko ote zuen ez baikenekien. Urte amaierarako izan beharrean, 2021eko apirila arte luzatu dugu lanak aurkezteko epea, Aste Santua arte, hain zuzen ere. Zer esanik ez, gainerako zereginak ere geroago egin beharko ditugu, nola diren epaimahaiaren emaitza, edizioko liburu txikia prestatu eta abar.
Kartela eta arauak biltzen dituen afixa inprentatik atera genuen, ordea, ohiko datak jarrita... horri ez kasu egin, luzamendua ongi helduko zaizuelakoan gaude, berriz... hortaz, ekin iezaiozue lanari!
Edizio honetako gonbidatua Aitziber Garmendia aktore eta umorista jator eta aparta dugu. Gustu handiz agurtuko dugu zuzenean, ekitaldiak egin ahal izatera. Bestela, hari ere ehun hitzeko ipuina eskatuko diogu, liburuan paratuko duguna. Esan gabe doa gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiogula bere laguntzagatik.
Kartela, aldiz, Liébana Goñi Yárnoz artistarena. Lanak eman genizkion baina izugarri zintzo bete ditu, eskatu baino gehiago ere...
Tira, ekin lanari, eta zalantza edo galderarik baduzue, gure telefonoan (660 352 352) edo e-postan plazer handiz hartuko zaituztegu.
Joan den ekainaren 4an joan zitzaigun Bixente Serrano Izko. Bapateko kolpe latza izan zen, garai nahasi hauetan espero ez genukeena. Ez zen izan egunerokoa dugun eritasunaren biktima; beste gaitzen bat izan da, Bixentikoren handitasuna desagertarazi diguna.
72 urte zituen, ezagutu dutenen aburuz ongi probestutakoak, bide oparoa egina baitu hainbat alorretan, politikan, literaturan, kritikan zein pentsamenduaren ur sakonetan. Beti lasai eta apal, baina beti bizkor. Urte parrasta zeraman gure Fundazioan aholkulari, patronatukide eta azken urteetan Presidente. Hala jardun izana bihotzetik eskertu besterik ezin dugu egin Euskokulturko kide guztiok. Goian bego, baina ez oso urruti, hark prestaturiko ondaretik landare berriak oraindik ere haziko baitira!
Euskokultur Fundazioak eta Pamiela Argitaletxeak Mikro-Ipuin lehiaketa antolatu dute, 100 hitz arteko euskarazko idazlanak sarituko dituena.
Aurtengo edizioko ohorezko gonbidatua Zuhaitz Gurrutxaga telebistako aurkezlea izango da eta irakasle eta gurasoekin batera ospatzen den sari banaketan parte hartuko du.
Sei kategoriatan antolatu da lehiaketa: D ereduko Lehen Hezkuntza, A (edo B) ereduko Lehen Hezkuntza, Iparraldeko Lehen Maila (ikastolak eta eskolak), D ereduko Bigarren Hezkuntza, A (edo B) ereduko Bigarren Hezkuntza eta Iparraldeko Bigarren Maila (kolegioak).
Kategoria bakoitzeko irabazleak eta ohorezko aipamenak liburu sorta bana jasoko dute egileek eta horrezaz gain, hautaturiko lanak mikro-liburu batean argitaratuko ditu Pamielak. Epaimahaia Eduardo Aldasoro, Izaskun Etxeberria, Ines Castiella, Itziar Diez de Ultzurrun, Jon Abril eta Fertxu Izquierdok osatuko dute.
Ikasleen lanak abenduaren 20 arte jasoko ditugu eta lehiaketaren arauak eta parte hartzeko argibide guztiak gure webguneko Mikro-Ipuin atalean aurkituko dituzue.
Salgai dago dagoeneko Bortziriak solasean. Ahozko tradizioaren bilduma liburu eta DVDa eskualdeko eta Iruñeko liburu dendetan. Hain zuzen ere, honako komertzioetan izanen duzue erosgai labetik atera berri dugun argitalpena, 25 euroko prezioan:
Bera
Lesaka
Arantza
Igantzi
Etxalar
Iruñea
Gure webguneko inprimaki hau betez ere, eskatzen ahal diguzue liburua.
Euskokultur Fundazioak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Nafarroako Gobernuak lagunduta, argitaratu du liburua, 2000-2001 urteetan zehar egindako ondare immaterialaren bilketan oinarrituz. Lan horretan 50 lekuko elkarrizketatu zituzten Nora Iriarte Osesek eta Maite Lakar Iraizozek Bortzirietako Euskara Mankomunitateak esleitutako beka baten bidez.
Liburuak, besteak beste, honelako gaiak biltzen ditu: garai bateko bizimodua, lanbideak, sinesmenak, mitologia, kontrabandoa, garbiketa, zerri-hiltzea, elizaren eragina, eskola, bestak, ohiturak, erremedioak, ipuinak, bertsoak, kantuak...
Liburua nahiz DVDa XX. mendeko Bortzirietako argazki zaharrez osatua daude. Horrez gain, eskualdeko hitzak biltzen dituen hiztegitxo bat ere biltzen du liburuak.
Ekainaren 11 eta 12an egin dugu liburuaren aurkezpen bana, Lesakako Herriko etxean eta Berako Beralandeta aretoan. Herritar saldo ederra bildu da ekitaldi bakoitzera eta giro goxoa izan da nagusi. Jon Abrilek egin ditu aurkezle lanak eta Maite Lakar egileak aletu ditu argitalpenaren nondik norakoak.
DVDak jasotzen dituen testigantzetako batzuk entzun ahal izan ditu publikoak adi-adi. Gainera, Bortzirietako bertso eskolako lagunek, liburuan bildutako hainbat bertso zahar kantatu dizkigute eta Maddi Irazoki aktoreak ere bi ipuin kontatu dizkigu, ekitaldia izugarri aberastu dutelarik.
Iragarri bezala, Iruñeko Liburu Azokaren baitan hamabigarren Mikro-Ipuin lehiaketako sariztatu ipuinak biltzen dituen liburu ttikia aurkeztu genuen, ekainaren lehenean hain zuzen. Egun argitsu horretan hainbat ipuin-egile etorri zen ekitaldira, ipuinak irakurri eta ale sorta bana hartzera.
Epaimahaikideen izenean, Ines Castiella, Euskokultur Fundazioko eta Pamiela Etxeko ordezkari zenbaitekin. Hezkuntza Sailaren izenean Zuzendari Nagusi Roberto Perez Elorza jauna izan genuen lagun. Irakasle, guraso, aiton-amona... etorritako guztiei gure eskerrik beroenak.
Liburuaren 2000 ale argitara eman dugu, ikastetxeetara doan zabalduko direnak. Ez da saltzeko liburua, beraz. Maite Mutuberriak egin du azaleko irudia, eta barne hartzen du aurtengo edizioko gonbidatu Sustrai Colina berrsolariaren ipuina ere. Agi denez, liburu ttikia da baina bertan asmo, gogo, irudimen eta ahalegin franko biltzen dira. Hala izanen ahal da aurrerantzean ere!
Hemen duzue 2018-2019ko Mikro-ipuinen liburuxka (pdf).